Irene Altuna lore dendak aitortza jaso du 25. urtemugan

Julene Frantzesena 2020ko abu. 13a, 10:14

Lore dendak 1995ean zabaldu zituen ateak, eta saltokiaren irekieraren 25. urteurrenean, udalaren eta Bertan merkatari elkartearen aitortza jaso dute jabeek.

Irene Altuna lore dendak ateak ireki zituela 25 urte bete ziren joan zen otsailaren 14an, eta Azpeitiko Udalak nahiz Bertan merkatari elkarteak herriko merkataritzaren alde egindako lana eskertu nahi izan die haren jabeei. Hain zuzen ere, Agustin Lizarralde zinegotzia eta Xabier Aldalur Bertaneko teknikaria izan ziren lore dendako kideak zoriontzen, eta egindako lanaren aitortza gisa, udalaren oroigarria jaso zuten.

Lizarraldek saltokia hainbeste urtez irekita izatearen balioa azpimarratu du; izan ere, haren arabera, ez da erraza denda bat horrenbeste urtez zabalik izatea. "Horregatik, urte guzti hauetan herriko merkataritza sustatzeko egindako lana eskertu nahi diegu. Herria bizirik mantentzeko ezinbestekoa da bertako merkataritza. Guk merkataritza txikiaren aldeko apustu sendoa egiten dugu, eta orain arte bezala, herria bizi mantentzeko ahaleginean segitzeko eskatu nahi dizuegu", azaldu du hark.