Peru Abarka lehiaketa irabazi du Malen Amenabarren 'Kaiola' lanak

Julene Frantzesena 2020ko abu. 10a, 15:04

Malen Amenabar.

Azpeitiko bizilagunak ilustrazioen alorreko saria irabazi du Kaiola lanarekin. Yolanda Larreategiren idazlan saritua oinarri hartuta osatu ditu ilustrazioak Amenabarrek. Irailaren 1erako bukatu beharko du lana, eta albuma urriaren 24an aurkeztuko dute.

Malen Amenabarrek (Larrabetzu, Bizkaia, 1994) irabazi du Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duen Peru Abarka lehiaketaren ilustrazio alorreko saria. Guztira, hamalau ilustrazio lau aurkeztu dituzte aurtengo ediziora, eta Amenabarrena aukeratu du epaimahaiak. Lehiaketaren idazlanen alorreko irabazleak, Yolanda Larreategik, egindako testuan oinarrituta osatu ditu ilustrazioak Azpeitiko bizilagunak.

Irailaren 1era arteko epea izango du Amenabarrek ilustrazioak amaitzeko, eta Larreategiren testuekin eta Amenabarren ilustrazioekin osatutako bilduma urriaren 24an aurkeztuko du Markina-Xemeingo Udalak. Kaiola lanak "ekarpen berria" egiten duela azaldu du lehiaketaren epaimahaiak: "Testua abiapuntu hartuta, haratago doa marrazkiekin ilustratzailea, barneratutako istorio horri ate berriak irekiz. Ekarpen pertsonalak egiten ditu, baina guztion iruditegiari keinu eginez aldi berean: txoriak, kaiolak, hegoak, lainoak, basoa... Elementu guztiak bihurtu ditu protagonista, bidaia baten sinbolo. Metafora eder batekin osatu du protagonisten bikotea, Kaiola goiburuak iradokitzen duenari jarraituta: kaiola, motxila, bidaia eta bidaideak".

Arte Ederretan graduatua da Amenabar, eta Txakur Gorria sormen kolektiboko taldeko kidea da gaur egun. Ez da Peru Abarka lehiaketa irabazi duen aurreneko aldia; izan ere, 2018an ere eskuratu zuen Domeka lana tarteko.