Koronabirus kasu berri bat zenbatu dute Azpeitian

Koronabirus kasuek gora egin dute eskualdean azken orduetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamar kasu zenbatu dituzte Urola Kostan: launa Getarian eta Zarautzen, eta bana Azpeitian eta Azkoitian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dituen datuen arabera, koronabirus kasu berri bat hauteman dute Azpeitian, eta eskualdean beste bederatzi kasu zenbatu dituzte. Getarian eta Zarautzen izan dira positibo gehien azken 24 orduetan; izan ere, kostaldeko bi herri horietan launa kasu positibo izan dira. Getarian zein Zarautzen gora egin dute positibo kasuek azken egunotan: Zarautzen 22 kasu izan dira astebeteko epean; Getarian, berriz, hamabi. 

Azkoitian ere kasu berri bat izan da azken orduetan; eta Azkoitikoa zein Azpeitikoa herri horietan azken zazpi egunotan izandako kasu bakarrak dira. Eskualdeko beste herrietan ez da koronabirus kasurik atzeman 24 ordu hauetan. Azken asteko datuei erreparatuz, Orion bi kasu izan dira eta Zumaian hiru.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, beste 154 kasu positibo izan dira azken orduetan. Bizkaian izan dira positibo gehien, 105; Araban 20 kasu izan dira, eta 29 Gipuzkoan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide