Aitor Zubizarreta Chocolates Trapa Palencia taldean arituko da datorren denboraldian

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 30a, 15:53
Aitor Zubizarreta Chocolates Trapa Palencia taldearen arituko da. (Chocolates Trapa Palencia)

Azpeitiarrak Twitterren iragarri duenez, "ilusio handiz" bueltatuko da Palentziako (Espainia) saskibaloi taldera. Caceres Patrimonio de la Humanidad taldean aritu da Zubizarreta 2019-2020 denboraldian.

Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalariak Chocolates Trapa Palencia taldean jokatuko du datorren denboraldian, Urrezko LEB ligan. Halaxe iragarri du Palentziako (Espainia) klubak bere webgunean, baita Zubizarretak ere Twitterren. Azpeitiarrak Palencian aritzeko "ilusio handia" duela adierazi du txio batean: "Ez dago hain eroso sentitu nintzen lekura bueltatzea baino ezer hoberik". Izan ere, Zubizarreta talde hartan aritu zen 2018-2019 denboraldian; hain zuzen ere, 35 partida jokatu zituen taldearekin ligan nahiz igoera fasean, eta laugarren postuan bukatu zuen talde hark denboraldi hura. 2019-2020 denboraldia, berriz, Caceres Patrimonio de la Humanidad taldean egin du.

Aurretik Iraurgi Saskibaloi Taldean nahiz Bilbao Basketen jokatu zuen hainbat urtetan Zubizarretak. 2013an LEB Ligan egin zuen debuta ISBrekin, eta ondoren, AEBtara joan zen. Han, Portland Pilots eta Idahoko Unibertsitateko Coyotes taldearekin jokatu zuen. Etxera itzuli zenean, berriz, Bilbao Basketek fitxatu zuen, eta ondoren, Urrezko LEB Ligan aritu zen Palenciarekin.