Bi aldiz lehengusu, ia-ia anaiak

Ihintza Elustondo 2020ko uzt. 30a, 09:44
Joxe Mari Azpeitia eta Jabier Arruti. (Nerea Uranga)

Joxe Mari Azpeitia eta Jabier Arruti Azpeitiko zezen plazaren zaindariak dira. Haiekin egindako erreportaje hau 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratu da.

Joxe Mari eta Jabier, Jabier eta Joxe Mari. Nekez ikusi ahal izango ziren orain gutxi arte bakoitza bere aldetik: elkarrekin zezen plazan, elkarrekin txikiteoan, elkarrekin batari eta besteari adarra jotzen. Hain banaezinak izan dira, non odola ere ia-ia berbera duten. "Bi aldiz gara lehengusu". Hona hemen, azalpena: Jabierren aita eta Joxe Mariren ama anai-arrebak dira, eta Jabierren ama eta Joxe Mariren aita ere bai. "Ordena aldatuta, baina abizen guztiak berdinak ditugu". Joxe Mari Azpeitia Arruti Iraola Bastida da, eta Jabier Arruti Azpeitia Bastida Iraola. Lehengusu asko baino gauza gehiagok batzen du, beraz, bikotea.

Zer urtetan jaiotakoak diren zehazki esan ez badute ere, beren-berea duten umoreari eutsiz erantzun dute galdera: "Ia 200 urte ditugu bion artean". Sasoia, hala ere, mingainaren abiadaren parekoa dute. Azkenean, ausartu dira egia esatera: 75 ditu Azpeitiak, eta 79 Arrutik.

Konfinamenduak ederki astindu du haien egunerokoa ere. "Bizitza osoan, sekula ez genuen pasatu hainbeste denbora elkar ikusi gabe". Guztira, hiru hilabete eman dituzte elkarren faltan. "Iloba batek zera esan zidan: herrian jendea galdezka zebilela ea non ote ginen. Paradero desconocidon omen ginen", kontatu du Arrutik. Aspaldian ez dira atera eguneroko ardoa hartzera, eta jendeak nabaritu du kalean haien hutsunea. "Ilea moztera ere ez naiz irten ni", esan du Azpeitiak.

Ez dira elkarrengandik urrun bizi Arruti eta Azpeitia: biak Elizkalean bizi dira, baina bi etxetan. Dena dela, ez dute elkarrekin igaro itxialdia. Azpeitia ez da etxetik atera ere egin hiru hilabetean: "Zomorro zahar horrekin beldurtuta egon naiz etxean. Txikito bat bera ere ez dut edan, ura besterik ez". Ahal bezala, zezenei buruzko liburu batzuk irakurtzen-eta igaro du etxean denbora. Arrutik, berriz, zezen plazan eman du denbora gehiena, ohiko zereginetan.

Aizperroren eta Peñagarikanoren arteko apustuaren atarian topatu zituen Uztarriak Arruti eta Azpeitia zezen plazan, uztailaren 15ean. Urteak daramatza bikoteak zezen plaza zaintzen, ekitaldietarako prestatzen, eta haiek arduratu ziren apusturako gunea egokitzeaz, beste behin. Egun horretan, ohi bezala, 07:00etan hasi zen Arruti lanean. "Kirolariek korrika egin behar duten lekutik hondarra kentzen aritu naiz, lurra gogorrago egon dadin". Zezen plazako jarlekuen artean eta bestelako bazterretan irteten diren belarrak kentzen ere aritzen dira. "Belarrak aitzurrarekin kendu eta pozoia botatzen dugu".

Berriketa faltarik ez

Berriketarik ez zaie amaitzen Arrutiri eta Azpeitiari; apustu kontuez ez ezik, beste hainbat gairen inguruan ere hitz egin zuten Aizperrorekin eta Peñagarikanorekin: Erdikaleko argazki famatuaz, Getariako COVID-19 kasuez... Arruti eta Azpeitia joaten diren lekuan ez da izaten isilune handirik.

Egunerokotasunean haien bueltan dabilenak isiltasun handirik sumatuko ez duen arren, bada zalaparta handirik gabe urte askoan egin duten zerbait: lana. Azpeitia eta Arruti 1975ean hasi ziren zezen plaza zaintzen eta txukuntzen; beraz, 45 urte beteko dituzte aurten zeregin horretan. Haien aurretik, Azpeitiaren aita arduratzen zen lan horiez, eta harekin batera eman zituen bikoteak beste bospasei urte zeregin horiek ikasten. Ordutik urte asko igaro diren arren, Arruti eta Azpeitia egunero joan dira zezen plazara, koronabirusa agertu den arte: "Orain arte egunero etortzen ginen, putakeri horrekin aldrebestu gara. Ahal dugun bezala moldatu behar izan dugu", esan du Azpeitiak.

Urte horietan guztietan makina bat lan egindakoa da bikotea, eta gehienetan, musu-truk aritu dira. "Apustuak egin direnean-eta zerbait eman izan digute", azaldu dute. Ez zaie beren jardunaz gehiegi hitz egitea gustatzen, baina argi dago lan ugari egin dutela Azpeitiko zezen plazaren mantenuan nahiz han antolatu diren ekintzak posible izan daitezen. 1903koa da zezen plaza; hau da, duela 117 urtekoa, eta bikoteak 45 urte daramatza gunea zaintzen. Beraz, atera kontuak: ia zezen plazaren historia erdia daramate bertan, eguna joan, eguna etorri, eremua zaintzen. "Eta ez gara aspertu; gustura ibiltzen gara gu horrelaxe".

Zaletasun gisa egin dute zezen plazako lana; bestela, bakoitzak bere lanbidea izan zuen jubilatu ziren arte. Lan munduan ere ez ziren elkarrengandik hain urrun ibili: "Tailer ezberdinetan lan egin genuen urteetan, eta gero, kristalerian elkarrekin egin genituen urte batzuk", azaldu dute.

San Inazio jairik ez

Aurtengo urtea bezalaxe, uztaileko azken egunak ere bereziak izango dira, ez baita herriko festarik ospatuko. Zezen plazak ere ezohiko itxura izango du saninazioen bueltan, ez delako zezenik izango. "Hala ere, guk berdin-berdin lan egingo dugu. Zezen plaza bere horretan uzten baduzu, berehala irteten dira armiarma sareak eta segituan agertzen dira arratoiak". Zeregin horietan laguntzeko, lau katu dituzte zezen plazan: "Haiek akabatzen dituzte arratoiak".

Biek aitortu dute zezenzaleak direla, eta kontu horren aitzakian, bada urtero hutsik egin gabe errepikatzen duten irteera bat. "Bilboko Aste Nagusiko zezenen feria osoa ikusten dugu urtero. Hotelera eta dena joaten gara", esan dute. Azpeitiko zezenketak ere kutunak dituzte. Aurten, ordea, ez Bilbokoak, ez etxekoak, ezingo dituzte ikusi.

Azpeitiak eta Arrutik denetarik ikusi dute Azpeitiko zezen plazan lanean daramatzaten urteetan: apustuak, zezenak, lasterkariak, kontzertuak, militarrak zezenketetan musika jotzen, ahari jokoak, boxeolariak, zirkua, pentatloiak, herri kirolak, Bombero Torero ikuskizuna, idi probak, oilarren arteko borrokak... "Hemen zer ez da izan! Gu mutil koskorrak ginela, erbia zezen plazara bota eta txakurrak hura harrapatzen ere ibiltzen ziren", kontatu du Azpeitiak. Beste era bateko ikuskizunak ere ikusi izan dituztela oroitu dute: "Karteristak ere ugari izaten ziren hemen".

Anekdotak eta pasadizoak gogoratzen hasita, gauza bitxi batekin ere oroitu da Azpeitia: japoniar batzuk film bat grabatzera joan ziren behin zezen plazara. "Pelikula baterako irudiak hartzen izan ziren zezen plazan, eta haiek bai zutela edukazioa. Egun guztia burua makurtzen pasatzen zuten, eta Jabier eta biok ere halaxe aritu ginen", oroitu du barrez.

Kontu bat eta bestea, ohartu gabe igaro zaie denbora; beranduegi egin zaie txakolin botila edateko. "Ia bazkaltzeko ordua iritsi zaiguk!", bota dio Azpeitiak Arrutiri, erdi errietan. Eta hantxe gelditu da bikotea, mokadua egiteko prestatzen, Bittorina, Txiklanero, Roxita eta Pintti katuen konpainian, beren bigarren etxean. Agurtu aurretik, mezu bat bidali nahi izan diete herritarrei: "Txikiteroei esan bizi garela".