Maria Amolategi: "Musika iragankorra da, bizitza bezala, eta egokitu egin behar du egungo egoerara"

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 29a, 09:00
Matilda taldeko kideak. (Matilda)

Matilda taldeak eta Idoia Asurmendik kontzertua eskainiko dute igandean, abuztuak 2, Sanagustin kulturgunean, Katapulta Tour egitasmoaren barruan. Kontzerturako "gogoz" daudela azaldu du Matilda taldeko Maria Amolategi (Beasain, 1987) abeslariak. ¿Te imaginas? diskoko abestiez gain kantu berriak ere abestuko ditu Matildak igandean.

Dozena erdi bat kontzertu emango dituzue udan. Zer moduz joan zaizkizue orain artekoak?

Oso arraroak izan dira orain arte eman ditugun kontzertuak. Segurtasun neurriak bete behar genituen, eta jendearen feedbacka asko aldatu du horrek. Entzuleak maskarekin egon ohi dira emanaldietan, eta tokatu zaigu entzuleak aulkietan bakarrik ikustea ere, besteekiko tartea mantenduz. Egia esan, oso hotza da horrela kontzertuak ematea, ez baituzu jendearen espresioak ikusteko aukerarik, eta sarritan ez dugu jakiten jendea lokartzen edo ondo pasatzen ari den ere. Ez da egoerarik onena kontzertuak emateko, baina ez dago beste aukerarik.

Zer sentsazio izan duzue hilabete hauen ostean agertokira bueltatzean?

Sekulako gogoa genuen kontzertuak ematen hasteko. Hiru hilabete hauek bat-batean desagertu egin dira gure bizitzetatik, baina guk abestiak konposatzen jarraitu dugu hilabete hauetan. Joan zen urtean plazaratu genuen ¿Te imaginas? diskoak sei abesti ditu, eta orain kontzertuetan hamalau abesti kantatzen ditugu gutxi gorabehera. Zortea izan dugu bertan behera gelditu ziren kontzertu horiek emateko aukera dugulako uda honetan.

Duela urte gutxi sortu zenuten Matilda taldea. Nola batu zineten?

Victor Sanchezek eta biok osatzen dugu taldea. Victor soinu teknikaria da ogibidez, eta nik abestiak sortzen ditut; beraz, arratsalde pila bat pasatzen ditugu estudioan abestiak sortzen eta grabatzen. Matilda taldea 2018an sortu bagenuen ere, lehenago hasi ginen abestiak sortzen. Bakoitzak geure lana dugu, eta presarik ez izateak gauzak beste era batera egiten uzten digu, lasaitasunez.

Aurretik Sugan taldean aritu zineten biok. Nola gogoratzen duzue garai hura?

Nostalgiaz. 17 urte nituen Suganekin lehen diskoa atera genuenean, eta oso gazteak ginen orduan. Denbora asko pasatu da ordutik hona, eta nik goxotasun handiz gogoratzen dut garai hura.

Asko aldatu al duzue musika estiloa garai hartatik hona?

Erabat. Suganen abestiak ez nituen nik konposatu, Garazi Zabaletak baizik. Matilda taldean, aldiz, abestiak nik konposatutakoak dira, eta oso desberdina da. Gure estiloan aldaketa handia dago; izan ere, urte asko pasatu ditugu Victorrek eta biok musika entzuten, eta orain badakigu zer gustatzen zaigun eta zer ez. Bizitzak ematen dizun esperientziatik ikasten duzu.

Matildan ingelesez ere atera dituzue kantu batzuk.

Bai, hizkuntza bakoitzak zerbait desberdina ematen dizu. Ingelesez atera ditugu abesti batzuk, baina ez da taldean dugun arau bat, ez baita gure hizkuntza.

Zer nolako harrera izan zuen ¿Te imaginas? EP-ak?

Bilatzen genuena topatu dugula esango nuke. Jendeak asko baloratu du disko horretako abestien soinua; izan ere, ez dira abesti konplikatuak, melodia arina duten abestiak baizik. Erraz entzuten den diskoa dan¿Te imaginas?.

Gero eta ohikoagoak dira EP-ak musika industrian.

Bai, eta ondo ikusten dut hori. Musika gainontzeko guztia bezala egoera berrietara egokitzen da; musika iragankorra da, bizitza bezala, eta egokitu egin behar du egungo egoerara.

Disko berria prestatzen ari zaretela esan duzu. Nolakoa izango da?

Abesti berrietan gitarra elektrikoa eta bestelako hainbat elementu berri sartu ditugu, lehenengo diskoan ez bezala; abestien hitzak, berriz, egunerokotasunetik ateratakoak dira. Urte hasierarako nahi genuen disko berria ateratzea, baina atzeratu egin behar izan dugu egungo egoera dela eta. Laster izango da entzungai bigarren diskoko lehen singlea.

Erlazionatuak