Sormena babesleku bilakatzen denean

Ihintza Elustondo 2020ko uzt. 24a, 16:51

Egoitz Arrutik eta Maite Azpiazuk Aterpea lana kaleratu dute. Arrutiren ipuina eta Azpiazuren ilustrazioak biltzen ditu argitalpenak, eta zarataren inguruko gogoeta egiten du. 50 ale inprimatu dituzte. 

"Babeslekua". Halaxe izan da Egoitz Arrutirentzat eta Maite Azpiazurentzat Aterpea liburua ontzeko prozesua; hortik lanaren izenburua: "Irudikatu duguna zera da: sormen prozesu hau guretzako aterpetxo bat izan dela. Maite denbora pila bat egon da marraztu gabe eta lan honetan bilatu du aterpea; nik, berriz, lehen aldiz argitaratu dut ipuin bat. Horregatik, guretzako aterpe bat izan da prozesua, babesleku bat; oso eroso sentitu gara biok", adierazi du Arrutik.

Dinamoa sormen guneak antolatutako Badirudi tailerra izan da lanaren ernamuina. Iaz, Txakur Gorriak gidatu zuen ikastaro hori, eta han eman zuen izena Azpiazuk. Tailer horretan, "proiektu bat edo antzeko zerbait" behar zuela esan zioten Azpiazuri, eta hark Arrutiri galdetu zion ba ote zuen zerbait idatzita. "Esan nion idatziko nuela ipuin bat, eta hortik abiatuta, ilustrazioak egin zituen berak". Arrutiren ipuinak eta Azpiazuren ilustrazioek osatzen dute, beraz, Aterpea

"Zarata eta isiltasuna" dira lanaren zutabe nagusiak. "Zaratari edo isiltasunari buruzko ipuina da. Gauza bat da zarata entzutea, eta beste bat nola bizitzen dugun hori. Erabateko isiltasunari beldur handia diogu, eta erabateko isiltasun hori da behartzen gaituena geure buruarekin hitz egitera. Batzuetan, nahi gabe jasotzen dugu zarata kanpotik, eta beste batzuetan gu joaten gara zarata horren bila, geure buruarekin ez egoteko". Arrutiren arabera, halako hausnarketak biltzen ditu argitalpenak. Duela urtebete idatzitako lana den arren, idazlearen iritziz, kontatzen duenak "zerikusia" izan dezake itxialdian bizi izandakoekin.

Txori baten bizitza

Irudiek ere bat egiten dute zarataren inguruko gogoetarekin. "Maiteri esan nion berak nahi zuen bezalako ilustrazioak egiteko, eta emaitza ikusi nuenean, konturatu nintzen nik idatzitakoa osatzen laguntzen zutela irudiek. Txori baten bizitza irudikatzen dute ilustrazioek; animaliak zaratarekin duen erlazioa islatzen dute, eta ikusten da nola joaten den zarata jaten pixkanaka, korapiloa askatzen den momentua iristen den arte".

Konfinamendu sasoia iritsi zenerako, bi azpeitiarrek amaituta zuten proiektua. Beren kabuz ale batzuk inprimatzea nahi zuten, horiek enkoadernatu eta ingurukoei oparitzeko. "Baina ikusita itxialdia luzerako zihoala eta dena itxita zegoela, azkenean, inprimatzera bidali genuen lana". Txakur Gorriako Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok lagundu zieten maketazioarekin, eta orain, emaitza esku artean, ingurukoei aleak oparitzen ari dira. Guztira, 50 ale kaleratu dituzte, eta horietako bat Azpeitiko Udal Liburutegira eraman dute. Gainera, Badirudi ikastaroa bukatu zenean haren inguruko erakusketa jarri zuten Dinamoan, eta han ere jarri zuten Aterpearen ale bat.

Aurrez ezagutzen zuten elkar Arrutik eta Azpiazuk; Herri Hezitzailearen bidez izan zuten elkarren berri. "Ordutik daukagu harremana, antzeko gustuak ditugula konturatu ginelako". Azpiazuk aurretik zuen marrazteko joera, eta Arrutik ere bai idaztekoa. Bien afizioek bat eginda sortu da Aterpea, biek elkarrekin ondu duten lehen argitalpena.