Iñaki Jimenez: "Azpeitiko eta Azkoitiko jokalarien parte-hartzea oso garrantzitsua izango da hurrengo denboraldian"

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 23a, 11:16
Iñaki Jimenez. (Julene Frantzesena)

Iraurgi Saskibaloi Taldeko gizonen lehen taldea gidatzen segituko du Iñaki Jimenezek (Donostia, 1984). ISBn gauzatutako lehen denboraldiaz balorazio oso positiboa egin du, eta bigarrenari ekiteko prest da. Taldea osatzeko lanetan ari da kluba dagoeneko, eta urrian hasiko dute denboraldia.

ISBn jarraituko duzu beste denboraldi batez. Gustura al zaude?

Bai, oso gustura nago taldean segitzeko aukera izateagatik. Aurrekoa oso denboraldi polita izan zen, nahiz eta ez genuen bukatu. Gauzak ondo atera ziren, eta gozatzeko aukera izan genuen. Beraz, oso pozik nago jarraitzeko aukera dudalako.

Joan zen denboraldia bukatu gabe gelditu zen. Nola bizi izan duzue egoera?

Oso arraroa izan zen. Etena luzea izan da, baina uste dut tokatzen zena hori zela. Penarekin hartu genuen denboraldia bertan behera uztea, denboraldi polita egiten ari ginelako eta gogoarekin gelditu ginelako. Baina oroitzapen oso onarekin gelditu ginen, urte osoan zehar lan oso ona egin eta talde oso polita osatu baikenuen. Kirolaz haratago, pertsona talde ederra osatu genuen.

Noiz hasiko zarete datorren denboraldia prestatzen?

Oraindik zehazteko daukagu, baina abuztuaren bukaeran edo irailaren hasieran. Ikusiko dugu zer gertatzen den kanpotik etortzekoak diren jokalariekin, eta datorrenaren arabera, erabaki batzuk hartu beharko ditugu. Denboraldia urriaren 10ean hasiko da, iaz baino hilabete beranduago; beraz, prestatzeko denbora gehiago izango dugu, lasaiago egin ahal izango diogu aurre denboraldiari.

Hasi al zarete taldea osatzen?

Bai, hasi gara. Aurreko denboraldian baziren herriko jokalari batzuk taldean, eta datorrenean gehiago izango dira. Azpeitiko eta Azkoitiko jokalarien parte-hartzea oso garrantzitsua izango da hurrengo denboraldian, eta kanpoko jokalariak ekartzen ere saiatuko gara. Dena den, klubak egingo ditu ofizial fitxaketak.

Datorren denboraldiari begira, zer helburu dituzu?

Iazko gisan, talde bat osatzea nahi dut. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka joan beharko dugu. Izan ere, koronabirusaren krisialdiak eraginda, aldaketak izango dira aurrekontuan, diru gutxiago izango dugu, eta taldea ez da hain indartsua izango. Baina ilusio handia daukat osatuko dugun taldeari dagokionez. Talde gaztea izango dugu, esperientzia galduko dugu, baina horrek gauza onak ere ekarriko dizkigu. Ilusioz nago.