Ezohiko txapelketari bukaera borobila emateko prest

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 16a, 10:05

Bihar jokatuko dute X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren finala, 22:00etan hasita, Azpeitiko Gaztetxean. Ateak 21:15ean irekiko dituzte, eta bertan jarriko dituzte salgai finalerako sarrerak. Sei bertsolari gazte igoko dira oholtzara biharkoan, eta horietako bi dira Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria azpeitiarrak. Finalaren atarian, gogotsu daude biak, saio txukuna egiteko gogoz. Hori dela eta, bertsozaleei dei egin diete finalera bertara daitezen, biharkoa "plaza polita" izango dela iritzita. 

Azken txanpara iritsi da X. Erniarraitz Bertso Txapelketa. Bihar, hilak 17,  jokatuko dute gazte sariketako finala Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etan hasita. Sei bertsolari igoko dira oholtzara aurtengo txapelaren bila: Jon Gurrutxaga, Maider Arregi, Ane Zuazubiskar, Xabat Illarregi, Oier Etxeberria eta Asier Galarza Muxi. Gai-jartzaile lanetan, aldiz, Imanol Artola Felix arituko da. Finalerako sarrerak ostiralean bertan jarriko dituzte salgai Azpeitiko Gaztetxeko sarreran, 5 eurotan. Finala 22:00etan hasiko bada ere, ateak 21:15ean irekiko dituzte. Hitzordura bertaratzen diren lagunek maskara jantzita izan beharko dute finalak irauten duen bitartean.

Aurreneko saria Erniarraitz Bertsozale Elkarteak banatuko du, eta Erniarraitzeko kideren batek jantziko dio txapela irabazleari. Bigarren saria, aldiz, Azpeitiko Udalak banatuko du, eta bertsorik onenaren saria Azpeitiko Gaztetxeak.

Bertsolari gazteen plaza, egoerara moldatuta

Ezohikoa izan da aurtengo Erniarraitz Bertso Txapelketa, eta ezin kontrakorik esan. Izan ere, koronabirusa tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten sariketa bi kanporaketaren faltan. Hain zuzen, Errezilen egindako aurreneko kanporaketaren ostean eten zituzten kultur ekitaldi guztiak COVID-19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz. Egoera ikusita, bertsolari gazteen txapelketarekin ez jarraitzea erabaki zuen Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. “Normaltasun berriarekin batera”, ordea, txapelketa berrartzea erabaki zuten antolatzaileek. Uztaileko lehen bi ostiraletan jokatu dituzte Azkoitiko eta Zestoako kanporaketak, prebentzio eta segurtasun neurriak errespetatuta eta jende kopurua mugatuta.

Txapelketa arraroa izanagatik, gustura aritu dira bertsotan sariketan parte hartu duten bertsolari gazteak, eta, orain, finala jokatzeko irrikaz daude. Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrak dira finalera sailkatu diren eskualdeko bertsolari bakarrak, eta biak daude ostirala noiz iritsiko zain. Etxeberriak Azkoitian jokatu zuen kanporaketako saioa, eta Gurrutxagak Zestoan. Etxeberriak adierazi duenez, Azkoitiko saioa “gazte sariketa bateko ohiko saio bat” izan zen: “Bertsokide gehienak etxekoak edo gertukoak ziren, ezagunak, eta duin jardun genuenaren ustea dut. Neuk, pertsonalki, ateraldi bikainik egin ez arren, ariketa gehienetan txukun jardun nuela esango nuke, eta konforme geratu nintzen”. Gurrutxaga “kezkatuta” iritsi zen kanporaketara, baina emaitzarekin pozik gelditu zela dio: “Denbora asko generaman bertsotan aritu gabe, eta bagenekien erdoilduta geundela. Baina askotan, kantuan gutxi jardundakoan, freskotasun gehiagorekin aritzen gara bertsotan, eta uste dut hori gertatu zitzaidala Zestoako kanporaketan. Ideiak azkar etorri zitzaizkidan burura, eta horrek lagundu zidan saioa borobilago egiten, joskuretan horrenbeste asmatu ez nuen arren”.

Bertsolarientzat "arraroa" izan da aurtengo edizioa: ikusle gutxiago, maskarak soinean… Bertsolariei ikusleen berotasun faltarik nabaritu al duten galdetuta, honakoa erantzun du Etxeberriak: “Batzuek esan izan dute kosta egiten dela entzulearen erantzuna jasotzea, eta interpretatzea; maskarekin aurpegiak estalita izateak aldendu egiten dituela abesten duena eta parean dagoena. Niri ez zait oztopo iruditzen edo ez dut uste abesterako orduan musukoak eragozpen direnik. Neurriak eta errimak betikoak dira. Horren aitzakiarik behintzat ezin jarriko dugu”. Gurrutxagak “giroa aldatu” dela nabaritu du, baina txaloen berotasunik ez dela falta izan esan du: “Arraroa izan da. Aretoak hutsago, denak maskarila jantzita… Ez nuen horrenbeste nabaritzen jendearen erreakzioa, eta txaloen intentsitatean bilatzen nuen erantzuna. Hala ere, jendea bertso gosez dagoela nabari da, indartsu egiten dute txalo, eta hori asko eskertzen da".

Kostata, iritsi da finala

Ez dute finalerako helburu berezirik Azpeitiko bi bertsolariek. Etxeberriak dio “beste kideen mailan egotearekin eta lanak zuzen betetzearekin aski" zaiola. “Finala bera kanporaketa baina hobea izatea komeni da, eta kantuan aritzen garenon ardura izaten da hori. Oholtzan izango diren gainontzeko bertsolariak ikusita, saio polita izan daitekeela dirudi”, gaineratu du. Hala ere, “kezka” ere badutela azpimarratu du: “Saioaren testuinguru guztia ere ongi joan dadin nahi dugu; jendea biltzea nahi dugu, baina ez gehiegi. Kanturako giro ona nahi dugu, baina segurtasun kontuak-eta bermatuta egotea ere bai”. Gurrutxagak, bere aldetik, ostiralean “saio txukuna” egin nahi duela azpimarratu du, eta horretan saiatuko dela dio: “Saiatuko naiz lasai joaten finalera, nire buruari beti exijitzen dizkiodan minimoak exijituta, baina jakinda kantatu gabeko bolada batetik natorrela. Saiatuko naiz ideiak ahalik eta ondoen eta bizkorren garatzen, baita joskerak hobeto egiten ere. Gainera, finalek arriskatzeko aukera ematen dute. Ostiralean saio borobila egitera joango naiz”.

Txapelaren bila arituko diren bi bertsolari azpeitiarrek bertsozaleei dei egin diete finalera anima daitezen. “Herritarrena izan ala ez, gazteen saioetara bultzatu behar genuke jendea. Bertsozale omen den jendea, sarri joaten da "eliteko" bertsolarien saioetara, baina punta-puntan ez dabiltzanen saioak nekezago irteten dira aurrera. Gazteak tartean diren saioetan irristadak izan daikezke, baina ale eder askoak ere bai. Horregatik bultzatuko nuke jendea gertuagoko bertsoa jarraitzera, beti txapelketei eta BEC-i begira egon gabe”, dio Etxeberriak. Gurrutxagaren mezua ere antzekoa da: “Lan asko egin da txapelketaren antolaketan, eta bertsolari gazteentzat izugarria da gauden egoeran egonda, COVID-19aren garaiotan, horrelako sariketa bat jokatzea. Horregatik, motibatuta joango gara ostiraleko finalera, eta ziur nago bertsozaleentzat oso plaza polita izango dela”.