Zapatuan jokatuko dute auto klasikoen XVII. Azpeitia Hiria Rallya

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 16a, 08:38
Aurreko edizio batean hartutako irudia. (Lagun Artea eskuderia)

Ia 90 parte hartzaile izango ditu eta aurten ere Maykel del Cid zenaren omenez egingo dute lasterketa. COVID-19a dela-eta ezohiko neurriekin egingo dute rallya; besteak beste, ikusleek ezingo dute Epaitegien plazan autoak elkartuta egongo diren gune barrura sartu.

Koronabirusa dela-eta hilabeteetan geldirik egon ondoren, martxan hasi berriak dira auto lasterketak ere. Etenaldiaren osteko aurrenetako bat izango da, hain zuzen ere, zapatu honetan jokatuko den auto klasikoen XVII. Azpeitia Hiria Rallya. 11:00etan hasiko da lehia, Epaitegien plazatik abiatuta; 218 kilometro osatuko dituzte guztira pilotuek eta kopilotuek, eta horietatik 192 izango dira erlojupeko zatiei dagozkienak. Azkarate, San Migel-Arrate, Asentzio eta Gabiriako erlojupejo zatiak osatu ondoren, 14:00etan bazkaltzeko tartea hartuko dute parte hartzaileek, Gabiriako Korta jatetxean. Bazkalondoan, Altzoko eta Andazarrateko zatiak egin eta Aiako plazan elkartuko dira parte hartzaileak, azken bi zatiak -Pagoeta eta Aizarna- bete eta 20:00 aldera berriro Epaitegien plazara iritsi aurretik. Bertan egingo dute sari banaketa, 21:00etan, lasterketa eguna Pastorkua jatetxean egingo duten afariarekin borobiltzeko.

"Luxuzko parte hartzea" iragarri dute Lagun Artea eskuderiko antolatzaileek. Ia 90 gidarik eman dute izena 25 urtetik gorako autoei zuzendutako lasterketarako. Azpeitiko rallya hirutan irabazitako Txema Foronda eta Pilar Rodas (1987ko BMW 325ix batekin), Ignacio Jose Ruiz de Infante eta Ivan Prieto (1987ko Ford Fiesta XR2 batekin), Imanol Zengotita eta Joseba Rodriguez (1986ko Peugeot 205 batekin), Alberto eta Angel Martinez Lizarrondo (1992ko Renault Clio 16V batekin), iazko lasterketa irabazi zuten Jon Pelaez eta Ander Kerejeta azpeitiarrak (1994ko BMW 318is batekin), Joxe Labaka eta German Gonzalez (1987ko Citroen Visa GTI batekin), eta Javier del Cid eta Gorka del Cid (1972ko Ford Escort MK-I batekin) nabarmendu dituzte antolatzaileek, "parte hartzaileen zerrenda luzean txapelaren lehian beste asko ere sartuko diren arren".

Klasikoetan klasiko, Jose Cruz Arrietaren Renault 8a (1967koa), Joxean Aranetaren eta Arantxa Txapartegiren Porsche 911 (1970ekoa) eta Jagoba Agirreren eta Mikel Usabiagaren Renault Alpine-a (1970ekoa hori ere) dira orain arte izena eman dutenen artean kotxerik zaharrenak.

Azken urteetan bezala, aurten ere Lagun Arteako kide eta lasterketa komisario izandako Maykel del Cid zenaren omenez egingo dute auto klasikoen Azpeitia Hiria Rallya.

Segurtasun neurri bereziak

COVID-19a dela eta, ezohiko segurtasun eta babes neurriekin egingo dute etziko rallya. Parte hartzaileei eta antolatzaileei ez ezik, ikusleei ere eragingo diete neurri berriok. Izan ere, lasterketa aurretik zein ondoren Epaitegien plazan rallyko autoak elkartzeko jarriko duten gunera ezingo dira sartu aurten ikusleak; parte hartu behar duten taldeetako kideek eta antolatzaileek bakarrik ibili ahal izango dute gune itxi horren barruan, eta guztiak maskara soinean dutela ibili beharko dira. Era berean, egiaztapen administratiboak on line egin behar izan dituzte parte hartzaileek; egunean bertan jasoko dituzte dagozkien zenbakiak eta kronometrajerako GPSa, plazan horretarako jarriko duten karpan.

Ezarritako neurriak errespetatzeko eskatu diete ikusleei antolatzaileek, segurtasun distantziak zainduz eta autoentzako parke itxian ez sartuz.