Master Caixabank txapelketako bi pilota partida izango dira hilaren 17an Izarraitz pilotalekuan

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 11a, 10:04

Datorren ostiralean, hilak 17, bi pilota partida ikusteko aukera izango da Izarraitz pilotalekuan. Batetik, Alberdik eta Larunbek Egiguren V.aren eta Ladis Galarzaren aurka jokatuko dute partida; eta bestetik, Ezkurdiak eta Arangurenek Altuna III.aren eta Imazen aurka neurtuko dituzte indarrak. Sarrerak salgai daude dagoeneko sarean.

Master Caixabank txapelketako bi pilota partida jokatuko dituzte datorren ostiralean, hilak 17, Izarraitz pilotalekuan, 22:15etik aurrera. Gainera, Alberdi eta Egiguren V.a azpeitiarrek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak partida horietako batean; Alberdik Larunbe izango du bikote, eta Egiguren V.ak, Ladis Galarza. Partida estelarrean, aldiz, Ezkurdia eta Aranguren Altuna III.aren eta Imazen aurka arituko dira nor baino nor gehiago.

Bi partidak ikusteko sarrerak eskura daitezke dagoeneko, 25 euroren truke. Honako bi guneetan eros daitezke: entradiumen eta proticketingen. Horrez gain, sarrerak egunean bertan ere salgai jarriko dituzte pilotalekuko leihatilan, 18:00etatik aurrera.

Udalak adierazi duenez, koronbairus gaitzaren egoera dela-eta osasun eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte ikusleek, eta edukiera ohi baino txikiagoa izango da. Bestalde, ikusleek eserita ikusi beharko dituzte partidak, eta elkarren arteko neurriak errespetatu beharko dituzte.