Seinalea botata, hilaren 18ko apusturako prest dira Peñagarikano eta Aizperro

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 6a, 15:49
Kepa Peñagarikano seinalearen agiria sinatzen, Martin Mendizabal ondoan duela.

Zezen plazako erronkan jokoan izango dituzten hiru milana euroetatik mila aurreratu ditu bakoitzak. Apustu eguna baino 72 ordu lehenago jarriko beharko dituzte gainerako bi mila euroak.

Hilaren 18an Azpeitiko zezen plazan jokatuko duten herri kirol apustua gauzatzeko azkenaurreko urratsa bete dute asteburuan Kepa Peñagarikanok eta Josean Olaskoaga Aizperrok.

Harri jasotzen, aizkoran eta korrika neurtuko dituzte indarrak pilotari ohi azpeitiarrak eta arraunlari ohi oriotarrak, eta hiru milana euro jokatuko dituzte norgehiagoka horretan. Apustua gauzatuko dela ziurtatzeko, bakoitzak mila euro aurreratu behar zituen, seinale gisa, eta horixe egin dute: Aizperrok ostiralean eta Peñagarikanok zapatuan (argazkian) jarri zuten dirua, baita zegozkien agiria sinatu ere, Mendizabal tabernan. Apustu eguna baino 72 ordu lehenago, berriz, jarri beharko ditu apustulari bakoitzak beste bi mila euro.