Xaguxatar ibilbidea aurkeztu du Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2020ko uzt. 4a, 12:14
Xaguxatar ibilbidearen aurkezpenean udalekoak eta Ekoetxeakoak.

Ekoetxetik hasi eta Azpeitian zehar sei geldiune dituen Xaguxatar ibilbidea aurkeztu du Azpeitiko Udalak, Ekoetxeko arduradunekin batera. Xaguxatar parkeari lotuta, eta "haurrek han hasitako abentura luzatzeko asmoz" osatu dute oinezko ibilbidea. 6,5 kilometroko luzera du ibilbideak, eta bi ordu inguruan egin daiteke. Haurrentzako hainbat proba proposatzen dituzte ibilbidean zehar. Ibilbide zirkularra da, eta Ekoetxean hasi eta bukatu daiteke.

Familian Azpeitia eta inguruak ezagutzeko aukera eskaintzeko asmoz osatu du Xaguxatar ibilbidea Azpeitiko Udalak. Ekoetxearen ondoko Xaguxatar parkean hasten da 6,5 kilometro dituen ibilbidea, "parkean hasitako abentura luzatzeko asmoz" osatu dute. Ibilbide zirkularra da; hau da, hasitako tokian bukatzeko aukera eskaintzen du. Honako geldiuneak ditu ibilaldiak: Ekoetxea, Loiola, Izarraizko Atea parkea, Otzaka, Izarraizko baserriak, Urola ibaia, Azoka Plaza eta Ekoetxea. Bi ordu inguruan egin daiteke ibilbide osoa, eta haurrekin egiteko "aproposa" dela zehaztu du udalak: "Gizakiak ingurugiroa nola aldatzen eta moldatzen duen azaltzeko, herriko natur baliabideei balioa emateko eta Azpeitia ezagutzeko garatu du Azpeitiko Udalak Xaguxatarren ibilbidea. Ibilbidea haurrentzako ere aproposa da, bidean gauzatzeko hainbat proba egitea ere proposatzen da eta".

Urte osoan zehar, Ekoetxean nahiz Xaguxatar parkean bisitari ugari izan ohi da, udalaren arabera. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak herritarrentzat zein bisitan datozenentzako ibilbidea egin dutela adierazi du: "Familian naturaz gozatzeko aukera eskaini nahi dugu. Bisitariek Azpeitia modu jasangarrian ezagutzea ere nahi dugu, eta dugun natur aberastasuna bizitzea eskaini nahi diegu haiei ere”.

Ibilbidean, Auri gidari

Ibilbideko gidaria Auri xaguxatarra da, eta 6,5 kilometroko ibilbidean haren irudia duten seinaleak eta panelak daude jarrita. Geldiune bakoitzean, bertan ikus daitekeenaren berri eman eta haurrentzako proba bat proposatzen da. Loiolatik Izarraizko magalera doa bidea, eta handik Azpeitiko Alde Zaharrera jaisten da, Urola ibaiari jarraituz berriro Ekoetxera joan eta han bukatzen da; hasitako tokian, hain zuzen ere. Ibilbidea luzatu nahi dutenentzako Amuko zubia, Igarako errota eta Urolako trena ezagutzeko proposamenak ere eginda daude.

Ibilbideari buruzko eskuorriak Ekoetxean, Loiolako Turismo Bulegoan eta Azpeitiko Basazabal turismo bulegoan eskuratu daitezke. Horrez gain, Azpeitiko Udalak ibilbideaz duen Interneteko atal berezian Xaguxatar ibilbidearen xehetasun guztiak (planoa, ezaugarriak...) kontsulta daitezke.

Osasun krisiaren ondorioz martxotik itxita egon da Ekoetxea. Uztailaren lehen egunetik, ordea, ateak zabalik ditu. Babes segurtasun guztiak hartuta ireki dute, eta hura bisitatzeko aukera dago berriro.