Izarraizko Bira ibilbide zirkularraren seinaleztapena egokitu eta mapak gauzatu ditu Iraurgi Berritzenek

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 1a, 14:50
Mikel Arregi, Javier Zubizarreta eta Nagore Alkorta alkateak.

Herritarrek Izarraitz eremu naturalean aisialdiaz eta turismoaz gozatzeko aukera izan dezaten, Izarraiz mendikate osoari magalaren erdialdeko altueran bira osoa ematen dion ibilbide zirkularra homologatu eta seinaleztatu du garapen agentziak. PR GI-214 izeneko ibilbidea Azpeitiko Izarraizko Atea parketik, Azkoitiko Balda plazatik nahiz Zestoako Portaletik has daiteke, eta gune horietan informazio panelak jarri dituzte.

Izarraizko Bira izeneko ibilbide zirkularraren seinaleztapena egokitu eta mapak gauzatu ditu Iraurgi Berritzenek, eta gaur aurkeztu dute materiala Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Mikel Arregi Zestoako alkateak. Herritarrek Izarraitz eremu naturalean aisialdiaz eta turismoaz gozatzeko aukera izan dezaten, Izarraiz mendikate osoari magalaren erdialdeko altueran bira osoa ematen dion ibilbide zirkularra homologatu eta seinaleztatu du garapen agentziak.

PR GI-214 izeneko ibilbidea Azpeitiko Izarraizko Atea parketik, Azkoitiko Balda plazatik nahiz Zestoako Portaletik has daiteke, eta gune horietan informazio panelak jarri dituzte. Horrez gain, denborak eta distantziak jakinarazten dituzten geziak jarri dituzte ibilbide guztian zehar, baita marka horiak eta zuriak ere. Gainera, distantziari eta kartografiari buruzko mapa teknikoak osatu dituzte, eta turismo mapan sartu dute Izarraitzi buruzko informazio osatua.

Ingurunea, aisialdia eta turismoa lotzeko eskualde ikuspegiaren gauzatu dute Izarraizko Bira proiektua, eta segmentu desberdinetara bideratutako turismo eskaintza garatzeko estrategiaren barruan sartu dute. Izan ere, bi helburu ditu proiektuak: herritarrei aisialdirako beste aukera bat ematea eta turismoa erakartzea. Hala azaldu du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak: "Herritarrek zein bisitariek naturaz eta aisiaz gozatu ahal izateko aukera paregabeak eskaintzen ditu Izarraitzek. Aurten, naturaz eta aire libreaz gozatzeko inoiz baino plan gehiago egin eta eskaini behar ditugu, eta Izarraizko Birarekin naturaz eta aisiaz gozatzeko aukera eskaini nahi dugu".