Nerea Irazusta: "Bizitzeko arnasa behar dugun bezala, nire eskuek margoak eta pintzelkadak behar dituzte"

Uztarria.eus 2020ko eka. 25a, 14:22

Nerea Irazusta (Azpeitia, 1973) Sheffield hirian (Ingalaterra) bizi da duela hogei urtetik. Lanbidez irakaslea den arren, artista ere bada, eta bere koadro bat Ingalaterrako Doncaster Art Fair arte azokako zerrendarako hautatu dute. "Oso pozik" dago azpeitiarra, bere margolana "lau haizetara" zabaltzen ari delako. Orain, Internet bidezko bozketa batean, zerrenda horretako 30 koadro onenak hautatu beharko dituzte boto-emaileek. 

Noiztik eta nolatan bizi zara Sheffielden?

Nire gizona hemengoa da eta 2000. urtean etorri nintzen, maitasunagatik.

Zer lan egiten duzu hor?  

Lanbide asko asko ditut: emaztea, ama, ahizpa, izeba, laguna, artista eta irakaslea naiz. 

Zure eguneroko lanak badu artearekin zerikusirik edo denborapasa gisa margotzen duzu? 

Umeekin zabiltzanean sortzailea izan beharra dago; beraz, neurri batean, esan liteke lanean ari naizean ere artea egiten dudala. Margotzea niretzat behar bat da, ez da denborapasa bat. Bizitzeko arnasa behar dugun bezala, nire eskuek margoak eta pintzelkadak behar dituzte.

Noiz eta nolatan hasi zinen koadroak margotzen?

Nire gurasoak zendu zirenean hasi nintzen koadroak margotzen. Nire umeak txikiak ziren orduan, baina atera nuen denbora margotzeko. Garai hartan, etxetik gertu dagoen eliza baten ondoan taldetxo bat elkartzen ginen margotzeko; orain, etxean dut nire txokoa, bakean eta isiltasunean margotzeko. 

Zer motatako koadroak egiten dituzu?

Era askotakoak, baina handiak; txikiek ez naute betetzen. Nire koadroek asko daramate barruan, ipuin politak kontatzen dituzte. Gauza berriak sortzea gustatzen zait. Askok esaten didate nire margolanek barruan dituzten sentimenduak kanporatzen laguntzen dietela; itxaropena, bakea, lasaitasuna, edertasuna sentitzen dituztela, bakoitzak behar duena.

Beste arte disziplinarik lantzen duzu?

Euskal abestiak abesten ditut tarteka; orain ez, bizi dugun egoeragatik, baina gustura entzuten dituzte talde txikietan Sheffielden.

Zure koadro bat Doncaster Art Fair arte azokako zerrendarako hautatu dute. 

Bai, halaxe da, eta poz-pozik nago.

Zer da Doncaster Art Fair? Azoka garrantzitsua da?

Doncaster Inglaterrako hiri bat da, Sheffield baino txikiagoa, eta Doncaster izena datorkio bertatik igarotzen den Don ibaiagatik. Arte zaleentzako eta artistentzako azoka ederra da Doncaster; mundu guztiko jendeak parte hartzen du eta oso izen ona dauka. Horregatik nago horren pozik.  

Zein izan da aurtengo lehiaketarako proposatu duten gaia?

Aurten gaia izan da 'Artea, buruko osasuna zaintzeko bide gisa', eta gai hori oinarri hartuta egin ditugu gure lanak. Nire koadroak Bakea/Peace izena du, eta nire helburua da, bizi ditugun garai hauetan, bake eta lasaitasun pixka bat zabaltzea.

Nolakoa izan da aukeraketa prozesua?

Maiatzean zabaldu zuten deialdia eta nik nere koadroa aurkeztu nuen. Jaso zituzten lan guztien artean batzuk aukeratu zituzten antolatzaileek, eta ekainak 7an eman zuten horien berri. Beren webgunean (www.doncasterartfair.com) daude aukeratutako lan guztiak ikusgai. 

Azoka horrek mundu oso artisten lanak hautatu ditu zerrenda horretarako. Espero zenuen zure koadroa hautagaien artean egotea?  

Ez, ez nuen espero eta oso ustekabe ederra izan da. Nire ingurukoek esan zidaten nire artelana gustuko zutela eta horregatik aurkeztu nuen lehiaketara, eta oso sorpresa atsegina izan da hautatu egin dutela jakitea.

Orain, Internet bidezko bozketa batean, zerrenda horretako 30 koadro onenak hautatuko dituzte boto-emaileek. Nola eta noiz arte eman daiteke botoa?

Ekainak 30era arte eman daiteke botoa, azokaren webgunean. Egunak aurrera joan ahala, gorantz doa boto kopurua, nire koadroa mundu guztira zabaltzen ari da, lau haizetara, eta hori oso pozgarria da. Londresko euskal etxeko kideen botoak jaso ditut, eta askok botoa eman bakarrik ez, idatzi ere egien didate eskerrak emanez. Gaur bertan idatzi didate esanaz nire koadroa berezia eta ederra dela, eta loreak bertatik ernatu direla diruditela. 

Uste duzu zure koadroa 30 onenen artean geratuko dela? 

San Fermin egunean jakingo dut hori, eta bitartean ez dut itxaropenik galduko. 

Zer esan nahiko luke horrek zuretzat? 

Bultzada izango litzateke margotzen eta sortzen jarraitzeko; pauso ertain bat aurrera.

Ondoren, epaimahaiak aukeratuko ditu 30 lan horietatik hiru onenak. Espero duzu hiru onenen artean geratzea?

Bai, noski; helburua hori da eta fedez egongo naiz zain. Dena dela, bidean ere oso ondo pasatzen ari naiz: mundu guztiko jendea,  euskaldunak zein euskaldun ez direnak, ezagutzeko aukera eman dit eta Uztarrian ere aterako naiz. Bizi naizen auzoan eta inguruko hedabideetan ere oihartzuna izan du kontuak. Orain denek dute nire berri eta denak ari dira nire koadroari buruz hizketan; hemengo aldizkarian ere argitaratu dute nire koadroa. 

Zein da hiru onenentzat saria?

Diru sari polit bat emango diote bakoitzari, eta, horrez gain, koadroa eta artistaren izena zabalduko dituzte.

Zer esango zenieke azpeitiarrei?

Emateko botoa, oraindik garaiz dabiltzala eta. Orain arte nire koadroaren alde bozkatu dute guztiei, berriz, eskerrak; zuen laguntasuna eta berotasuna honaino iritsi dira.