Esklabak-Iturtzuloko babestutako etxebizitzen obrak direla eta, hainbat aparkaleku kenduko dituzte bihar

Zimentazio losa hormigonatuko dute bihar, osteguna, eta udalak adierazi duenez, baliteke lanek trafikoan eragina izatea. Bestalde, lan horiek egiteko bi bonba ezarriko dituzte obren gunean eta Iñaki Azpiazu kalean, eta hainbat aparkaleku kenduko dituzte horregatik.

Aurrera doaz Esklabak-Iturtzulo eremuko babestutako etxebizitzen obrak, eta bihar, osteguna, zimentazio losa hormigonatuko dute. Udalak adierazi duenez, 06:00 aldera hasiko dira lanean, ohi baino lehenago.

Hormigonatze lan horiek egun osoan zehar egingo dituzte, eta lanek auzotarrei eragin diezaizkien eragozpenak direla eta, aurrez "barkamena" eskatu du erakundeak. Izan ere, zimentazio losa hormigonatzeko bi bonba ezarriko dituzte; bata obren eremuan, eta bestea, Iñaki Azpiazu kalean. Hori dela eta, inguru horretako hainbat aparkaleku kendu egingo dituzte. Horrez gain, kamioien joan-etorriak auzoan trafiko arazoak sor ditzakeela ere nabarmendu du udalak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide