Ezohiko sanjuanetan, balkoiak apain Urrestillan

Uztarria.eus 2020ko eka. 22a, 22:14

Koronabirusaren ondorioz, ezohiko San Juan festak ospatuko dituzte aurten Urrestillan. Duela urtebete gaurko egunez festa usaina nabarituko zen Urrestillako kaleetan, baina aurten bestelakoa da egoera eta kaleetan ikus daitekeen irudia: ez dago txosnarik Antxieta plazan, eta Urrestillako Festa Batzordeak ez du prestatu ekintzaz jositako urteroko egitaraua. Baina urrestildarrek ez diete festei guztiz uko egin nahi. Hori dela eta, keinu gisa, Urrestillako Festa Batzordeak balkoietan zintzilikatzeko nahiz kaleak apaintzeko zapiak atera ditu, eta dagoeneko horietako asko ikus daitezke etxeetako balkoietan zintzilik. Aloña Garmendiak diseinatu du zapiaren irudia, eta 5 eurotan jarri dute salgai Lurdesen dendan.