Haurdunentzako aurrez aurreko yoga saioak berrartuko dituzte Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2020ko eka. 16a, 14:34

Azken hilabeteetan online jaso dute haurdunek yoga ikastaroa, baina aurrez aurreko saioak berrartuko dituzte berriro Emakumeen Txokoan. Uztailaren amaierara arte eskainiko dituzte saioak, astelehenetan, 18:30etik 20:00etara.

Bueltan da berriro Azpeitiko Udalak Emakumeen Txokoan antolatzen duen haurdunentzako yoga ikastaroa. COVID-19 gaitzak eraginda, online eskaini dute ikastaroa azken hilabeteotan, baina segurtasun eta osasun neurriak hartuta, aurrez aurreko saioei ekingo diete berriro datorren astelehenetik aurrera. Uztailaren bukaerara arte eskainiko dituzte saioak, astelehenero, 18:30etik 20:00etara bitartean, eta Edurne Salegik gidatuko du ikastaroa.

Yoga saioetan parte hartu nahi duten haurdunek izena emateko aukera dute oraindik ere; horretarako, 943-15 70 55 telefonora deitu —08:00etatik 14:00etara—, edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidali beharko dute. Hamar eurokoa izango da uztaileko saioen prezioa.