Koronabirusa Azpeitian

Ez dute COVID-19 kasu berririk atzeman Gipuzkoan

Koronabirusa.

Hiru kasu berri atzeman dituzte Araban eta bi Bizkaian; Gipuzkoan, ordea, ez dago kasu berririk Osasun Sailaren arabera. Hiru herrialde horietan azken orduetan hildakoak, berriz, zortzi izan dira.

Azken egunetako kopuruekin alderatuta, atzo, asteazkena, kasu berrien eta hildakoen kopuruak gora egin zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken 24 orduetan, ordea, koronabirusaren datuek beheranzko joera hartu dute berriz ere hiru herrialde horietan. Bost kasu zenbatu dituzte, hiru Araban eta bi Bizkaian; Gipuzkoan, aldiz, ez dute kasu berririk hauteman. Guztira, 3.695 proba egin zituzten atzo, 2.763 PCR eta 943 test serologiko. Krisia hazi zenetik COVID-19 gaitzak erasan dien herritarren kopuruak, berriz, 20.000 kasuren langa igaro du dagoeneko; guztira, 20.007 kasu zenbatu dituzte hiru herrialdeetan martxotik hona, eta horietatik 16.757 pertsonak jaso dute senda-agiria, %83'8ak, alegia.

Azken orduetan hildakoak zortzi izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo baino bi gutxiago. Guztira, martxotik gaurdaino 1.561 dira COVID-19 gaitzarekin hildako pertsonak. Bestalde, hiru lurraldeetako kutsatze-indizeak 1 baino baxuagoa izaten jarraitzen du: 0,74. Kutsatu batek bataz beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du zifra horrek. Zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten gaixoen kopuruak ere beheranzko joera du. Hain zuzen ere, Osasun Sailaren arabera, gaur gaurkoz 22 paziente daude ZIUn ingresatuta, atzo baino bi gutxiago.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide