Portugalen mezua uretaratu, eta bost urtera Orion jaso

Sei lagunak, botila aurkitu zuten unean.

Mezu sinple batek eguna alaitu zion Orioko lagun talde bati orain egun batzuk; horien artean zen Amaia Aramendi azpeitiarra ere. Arroketan lasai-lasai zeudela plastikozko botila bat ikusi zuten, eta barruan mezua zeramala ohartu ziren. Zabaldu eta 2015ean Alemaniako familia batek Portugalen uretara botatakoa zela ikusi zuten. Alemaniara bidali dute erantzuna, eta orain haien berrien zain daude.

Bazeuden orain egun batzuk Orion arroketan itsasoari begira Amaia, Aitor, Josu, Jon, Aratz eta Zigor, eta hara non, "zabor artean", plastikozko botila txiki bat ikusten duen horietako batek, Zigorrek. Berriz begiratu botilari, eta barruan mezu bat ez zegoen ba! "Sekulako irribarrea eragin zigun han geunden sei  lagunoi", gogoratu du horrek. "Arroketan eserita geunden, begiratu nuen albo batera, eta hantxe ikusi nuen botila, mezu eta guzti. Plastikozko botila arrunta zen, baina barnean Alemaniako familia batek idatzitako mezua zeraman".

Portugaldik bidalia zen mezua, Algarvetik, orain bost urte. Mezuan horixe ageri zen, behintzat, 2015.urtea. "Botila berri-berri zegoen, eta horrek erakusten du plastikoak zenbat irauten duen", iritzi dio. Honela zioen mezuak, ingelesez: "Pauline eta Ferdinand anai-arrebak gara, 3 eta 7 urtekoak. Mesedez bidali gutun bat botilako mezu hau aurkitzen duzuenean. Alemaniakoak gara. Besarkadak eta musuak. Algarven, Portugal, 2015eko apirilaren 4an".

Irakurri erreportajea osorik Karkara.eus atarian.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide