Aitor Zulaika Real Unionen aulkira itzuliko da

Aitor Zulaika.

Reala utzi eta Irungo futbol taldea entrenatuko du, Espainiako Bigarren B Mailan. 2014-2015 eta 2015-2016 denboraldietan ere zuzendu zuen azpeitiarrak Real Union. Orain, bi denboraldirako kontratua sinatuko du.

Real Unionen aulkira itzuliko da Aitor Zulaika datorren denboraldian. Irungo futbol klubak gaur jakinarazi du akordioa erdietsi dutela entrenatzaile azpeitiarrarekin eta bi urterako kontratua sinatuko dutela harekin, Espainiako Bigarren B Mailan lehiatzen den taldea zuzendu dezan. Zulaikaikari ekainaren 30ean bukatuko zaio Realarekin duen kontratua. Zubietan hainbat ardura bete ditu azken urteetan; Sanseren edo Reala C-ren entrenatzaile ibili ostean, azken denboraldian ziklo koordinatzaile lanak bete ditu, aulkietatik kanpo. Real Unionek zabaldu duen oharraren arabera, "akordio adiskidetsua" lortu dute Realarekin Zulaika fitxatu ahal izateko.

Bigarren aldia izango du Lagun Onaken hasitako entrenatzaileak Real Unionen, 2014-2015 eta 2015-2016 denboraldietan ere zuzendu baitzuen Irungo taldea. Orduan, Realak utzita aritu zen Zulaika Real Unionen. Federazio Kopa irabazi zuen taldeak bere gidaritzapean 2014-2015 denboraldian, eta Bigarren Mailarako igoera fasea ere jokatu zuen.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide