Koronabirusa Azpeitian

Itxura berria du parrokiak, ezohiko egoeran

Uztarria.eus 2020ko mai. 19a, 13:10

Soreasuko Sebastian Donearen parrokiak ezohiko itxura hartu du, koronabirusak eragindako egoerara egokitzeko. Izan ere, dagoeneko baimendu dituzte elizkizunak, baina ezinbestekoa da segurtasun neurriak betetzea. Horregatik, herritarrek non eseri behar duten jakiteko, hala adierazten duten paperak jarri dituzte parrokian. Kepa Susperregi erretoreak azaldu duenez, 118 lagun sar daitezke gaur-gaurkoz parrokian.

Dagoeneko animatu dira herritar batzuk elizara joatera, baina erretorearen arabera, nabari da oraindik herritarrek "beldurra" dutela, eta "ohi baino jende gutxiago" dabil. Hileta elizkizunak ere baimendu dituzte; dena den, Susperregiren esanetan, gehienek nahiago dute hiletak aurrerago egitea, lurraldetik kanpoko mugimenduak baimentzen dituztenean eta elizan jende gehiago sartzeko aukera dagoenean.