Koronabirusa Azpeitian

Nerea Bernardo: "Ez nuen pentsatzen hain luze joko zuenik egoera normal batera itzultzeak"

Uztarria.eus 2020ko mai. 18a, 16:00
Nerea Bernardo.

Bartzelonako biologia laborategi batean egiten du lan Nerea Bernardok (Azpeitia, 1993). Hiru urte daramatza Kataluniako hiriburuan bizitzen, eta COVID-19 gaitzak bertan harrapatu du azpeitiarra. Hirian segurtasun neurriak "ondo" betetzen direla dio Bernardok, baina uste du Bartzelonak gaur-gaurkoz "zaila" duela deseskalatzearen lehenengo fasera igarotzea.

Noiz joan zinen Bartzelonara bizitzera, eta zergatik?

Duela ia hiru urte etorri nintzen Bartzelonara bizitzera, lan aukera bat atera zitzaidan eta. Sinkrotroi bati atxikita dagoen biologia laborategi batean egiten dut lan. Bertan, hainbat lagin prestatzen ditugu, ondoren X izpiekin ikertu eta atomo-mailako informazioa jasotzeko. Lan oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta Bartzelona beti gustatu izan zaidan hiri bat izanik, pentsatu gabe etorri nintzen.

Nola daramazu etxetik lan egin beharra?

Hasieran zaila egin zitzaidan, egunak luze egiten zitzaizkidan eta kontzentratzeko arazoak nituen. Produktibitateak asko egin zuen behera, eta egunean ordu gehiago sartu behar nituen lehen egiten nuen lan bera egin ahal izateko. Asteak pasatu ahala, ordea, errazagoa egin zitzaidan egokitzea, eta etxetik kanpo kirola egiteko aukera izateak ere eragin positiboa izan du. Hala ere, egun batzuk gogorrak egiten zaizkit.

Koronabirusaren foku garrantzitsua bilakatu da Bartzelona hiria. Zein da egun bizi duzuen egoera?

Zero fasean jarraitzen dugu. Espainiako estatuko zenbait leku pasatu dira jada lehenengo fasera, baina nahiko argia zen ez zela Bartzelonaren kasua izango.

Hain zuzen ere, Kataluniako Generalitateak lehenengo fasera pasatzeko eskaerarik ez egitea erabaki zuen. Nola hartu zenuten berria?

Nik uste gehienok espero genuen berria zela. Kasuen kopurua nahiko altua da oraindik, eta Bartzelonako biztanle kopurua zein mugikortasun maila kontuan izanik, ez luke zentzurik izango lehenengo fasera pasatzeak. Orain arte aurrera eginiko dena zaborretara botatzea izango litzateke.

Nolako giroa sumatzen duzu kalean?

Orokorrean segurtasun neurriak ondo jarraitzen direla esango nuke. Hala ere, hiriko zenbait gunetan jende asko elkartzen da, eta horrek egoera asko zaildu dezake.

Uda ate joka dugu, eta Bartzelona Europako lekurik turistikoenetariko bat da.

Hala da. Aurten, turismoa, eta horrekin batera ekonomia, asko kaltetuko dira. Momentuan ezjakintasuna da nagusi, eta ezin da aurreikusi bidaiatzeko baimena noiz eta nola jasoko dugun zehazki. Horrez gain, ezin da jakin jendeak bidaiatzeko gogorik izango ote duen edo koronabirusak eragingo duen krisia dela-eta jendearen egoera ekonomikoak bidaiatzea ahalbidetuko duen.

Kutsadura ere asko jaitsi da hirian konfinamenduaren ondorioz. Aldaketarik sumatu al duzue? 

Airearen kutsaduraren balioak minimo historikoetan omen daude Bartzelonan, eta egia esan, sumatzen da. Kutsadura akustikoa ere asko jaitsi da trafikoaren murrizketa dela eta.

Koronabirusaren egoeraren larritasuna ikusita pentsatu al zenuen Azpeitira itzultzerik?

Egia esan, ez. Ez nuen pentsatzen hain luze joko zuenik egoera normal batera itzultzeak.

Jarraitzen al dituzu Azpeitiko berriak?

Bai, gurasoekin eta lagunekin ia egunero hitz egiten dut han zer gertatzen den jakiteko.

Noiz aurreikusten duzu hona bueltatzea?

Udan bisitan joatea gustatuko litzaidake. Ordurako Espainiako estatu barruan mugitzeko aukera izango dugulakoan nago eta.