Koronabirusa Azpeitian

Raquel Santos: "Arduratsuak izan behar dugu, horrela azkarrago iritsiko delako Azpeitira itzultzeko eguna"

Uztarria.eus 2020ko mai. 17a, 15:00
Raquel Santos.

Azken hilabeteetan ez ditu nolanahiko ibilerak bizi izan Raquel Santosek (Azpeitia, 1994). COVID-19aren gaitzaren zabalkundeak Italian harrapatu zuen fisikari azpeitiarra, han ari baitzen doktore tesiaren zati bat prestatzen urtarriletik. Madrilen du ohiko bizitokia, eta hainbat jira-bira ibili ostean, hara itzultzea lortu zuen apirilaren 7an.

Noiz eta zer dela-eta joan zinen Madrilera?

2012an joan nintzen fisikako ikasketak gauzatzera. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin nuen gradua, eta hura bukatzean, master ikasketak egin nituen bertan. Ondoren, grabitazio kuantikoaren inguruko doktore tesia egiteko beka eta kontratua eskuratu nituen Madrilgo Fisika Teorikoaren Institutuan, eta gaur egun doktore tesiarekin ari naiz lanean; urte eta erdi falta zait bukatzeko.

Non harrapatu zaitu COVID-19aren pandemiak?

Egoera berezi batean harrapatu ninduen; izan ere, urtarrilaz geroztik, doktore tesiaren atal bat egiten ari nintzen Triesteko (Italia) ikerketa zentro batean.

Nola bizi izan zenuen Italian koronabirusaren pandemiaren hasiera?

Otsaileko azken bi asteetan kasu asko agertu ziren Italian, eta lanean ari nintzen ikerketa zentroa itxi egin zutenez, etxetik hasi ginen lanean. Bekaren finantzazioa eskuratzeko egonaldi osoa gauzatu behar nuen Italian, eta han geratzea erabaki nuen, Skype bidez lanean jarraitzeko aukera banuelako.

Baina egoerak okerrera egin zuen...

Bai, hala da. Herrien arteko mugimenduak mugatu eta mugak itxi zituzten martxoko bigarren astean. Gaur egun oso garbi ikusten dugu birusa mundu mailako pandemia bilakatu dela, baina martxoko bigarren astean oraindik 8.000 koronabirus kasu "bakarrik" atzeman zituzten, eta inork ez zuen pentsatzen mundu mailan zabaldu den moduan zabalduko zenik gaitza. Mugak itxi zituztenean gauza serio bihurtzen hasi zen, baina apirila [beka amaitzen zitzaion] urrun ikusten nuen eta ordurako Madrilera itzultzeko aukera izango nuela pentsatzen nuen.

Apirila iristean, zer egoerarekin egin zenuen topo?

Martxoaren erditik aurrera kasuen kopurua goraka hasi zen Italian, eta Espainiako egoera ere okertzen hasi zen. Herrialde askotan hasi ziren kasuak zabaltzen sasoi hartan, eta pandemiaren errealitatea ulertzen hasi ginen. Etxera itzultzeko hegaldiak apirilaren 9an nituen, baina bertan behera utzi zituzten. Hasieran hilaren 13ra atzeratu zizkidaten, gero 20ra, eta segidan, hegaldiak ekainera atzeratzea soilik eskaintzen zidaten. Une hartan hasi zen nahasmena eta abentura, ez bainekien zer egin etxera bueltatzeko. Espainiako Kontsulatura eta Ministeriora deitu nuen, baina inork ez zidan erantzun garbirik ematen, ezta aukerarik ere. Italiatik bueltatzea nahi zuen herritarrekin zerrenda bat osatzen hasi ziren, eta zerbait eginez gero abisatuko zigutela esan zidaten.

Nolakoak izan ziren egun zain egon zinen egun haiek?

Nahiko arraroak; izan ere, inoiz ez nuen sentitu etxera itzultzeko aukera falta. Gainera, konfinamendua ezarri zuten hilabete hura bakarrik igaro nuen etxean, eta... Dena den, etxetik gertuago sentitzen nintzen familiakoekin eta lagunekin egiten nituen bideo-deiei esker. Azkenean, apirilaren 2an, aberriratzeko hegazkin bat jarriko zutela esan ziguten. Banekien hura izango zela etxera itzultzeko izango nuen aukera bakarra; beraz, txartela berehala erosi nuen. Dena den, Madrilerako hegazkina Milandik ateratzen zen, eta Triestetik Milanera nola joan zen arazoa.
 
Nolakoa izan zen itzulera?

Apirilaren 7an 02:00etan atera nintzen Triestetik. Taxi batetik eta hiru trenetatik igarota, Milango aireportura iritsi nintzen; 19:00etan nuen hegaldia. Trenean gindoazen bidaiari gehienok helmuga bera genuela nabaria zen, eta horrek lasaitasun pixka bat eman zidan, jendearekin egoeraz hitz egiteko aukera izan nuelako: zergatik geunden Italian, nondik joanak ginen... Etxeratzeko gutxi falta zitzaigula esaten genion elkarri. Aireportuko izapide guztiak oso ondo antolatuta zituzten, eta nahiko azkar egin genuen guztia. Hegaldia ere oso ondo joan zen, eta 21:00etan iritsi ginen Barajaseko (Madril) aireportura. Hori bai, oso nekatuta eta kontatzeko abentura bat gehiagorekin.

Ondoren konfinamendua hasi zenuen berriz ere. Zer moduz?

Itzultzean ez nuen sintomarik izan, baina lehen asteetan ez nuen etxetik irten badaezpada ere. Konfinamenduko errutinan sartu nintzen berriz ere. Gainera, normalean, lana etxetik egiteko arazorik ez dut izaten, doktore tesiarekin segitzeko ordenagailua, boligrafoa eta papera nahikoa ditudalako. Bideo-dei bidez komunikatzen naiz lankideekin, eta normalean aurrez aurre izaten ditugun hitzaldiak-eta online egiten ditugu. Etxean gaudela, garrantzitsua da lan orduak eta atseden orduak ondo bereizteko ordutegi bat ezartzea. Deskonektatzeko paseorako eta kirola egiteko orduak aprobetxatzen ditut.

Azpeitira itzultzerik pentsatu al duzu bizi izan duzun egoera gorabeheratsuan?

Italiatik bueltan berrogeialdia egitera Azpeitira bueltatzea ez nuen aukeren artean, gurasoak arrisku taldean daudelako. Bidaia hori ez nuen eginda, ez nuen arriskatu nahi. Gabonetatik ez naiz etxera itzuli, eta egia esan, orain koronabirusaren krisiarekin ez dakigu noiz zabalduko dituzten herrialdeen arteko mugak. Familia eta lagunak ikusteko desiratzen nago, baina zaintzen jarraitu behar dugu. Arduratsuak izan behar dugu, horrela azkarrago iritsiko delako Azpeitira itzultzeko eguna.