Koronabirusa Azpeitian

Ikerketen arabera, Gipuzkoako biztanleen %4k baino gutxiagok izan dute COVID-19a

Uztarria.eus 2020ko mai. 14a, 14:09

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako seroprebalentzia ikerketaren datuen arabera, Gipuzkoako biztanleen %2,8k (20.200 lagun) ditu koronabirusari aurre egiteko antigorputzak. Datu hori G immunoglobulina oinarri hartuta atera dute, baina kopurua handiagoa da M immunoglobulina ere aintzat hartuz gero. Kasu horretan, Gipuzkoan biztanleen %3,7 lirateke positiboak.

Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatu eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako seroprebalentzia ikerketaren lehendabiziko datuen arabera, Gipuzkoako biztanleen %4k baino gutxiagok izan dute COVID-19a. Atzo arratsaldean jakinarazi zituen estrapolazio bidez ateratako datuak Espainiako Gobernuak, eta, horien arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %4,4k igaro izango lukete jada koronabirusa, hau da, Hego Euskal Herriko 127.000 herritarrek; orain arte atzemandako kasuak baino bost aldiz jende gehiagok. 

Serologiako probak koronabirusari aurre egiteko garatutako antigorputzak neurtzen ditu, eta ikerketen arabera, Gipuzkoako biztanleen %2,8k (20.200 lagun) ditu koronabirusari aurre egiteko antigorputzak. Lurraldeka, Arabak dauka seroprebalentziaren ehuneko handiena: lurraldeko herritarren %7,2k. Nafarroan, %5,8k (38.000 lagun) eta Bizkaian, %3,8k (44.900 lagun). Datu horiek G immunoglobulina oinarri hartuta atera dituzte, baina kopurua handitu egiten da M immunoglobulina ere aintzat hartuz gero. Kasu horretan, Gipuzkoan biztanleen %3,7 lirateke positiboak, Araban, biztanleen %8,1; Nafarroan, %7,1 eta Bizkaian, %4,3. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, COVID-19az kutsatutako haurren kopuruak ere gora egin du. Jaurlaritzaren arabera, haurrak kalera atera daitezkeenetik %45 handitu dira koronabirus kasuak 10 urtetik beherako umeen artean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.