Koronabirusa Azpeitian

Bi positibo berri baieztatu dituzte Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko mai. 10a, 15:46

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, hemezortzi lagun kutsatu dira koronabirusaz Azpeitian kontaketak hasi zituztenetik. Urola Kostako herrietan hiru positibo berri atzeman dituzte: bi Azpeitian eta bat Zarautzen.

Eusko Jaurlaritzak eguerdian kaleratu dituen datuen arabera, koronabirusaz kutsatutako beste bi kasu baieztatu dituzte Azpeitian. Guztira, hiru positibo berri zenbatu dituzte azken orduetan Urola Kostako herrietan: Zarautzen atzeman dute hirugarren kasua. Gainontzeko herrietan ez da gorabeherarik izan.

Kontaketa hasi zutenetik, honako hauek dira herriz herriko datuak: 160 lagun kutsatu dira Zarautzen; 48 Zumaian; 21 Orion; hemezortzina Azkoitian eta Azpeitian; bosna Aian, Getarian eta Zestoan; eta hiru Aizarnazabalen. Errezilen eta Beizaman, aldiz, ez dute COVID-19 gaitzarekin kutsatutako bizilagunik atzeman.

Lurraldekako datuak

Lurraldekako datuei erreparatuz gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 45 lagunek eman dute positibo PCR testa egin ondoren; horietatik 33 Bizkaian izan dira, zortzi Araban eta lau Gipuzkoan. Test azkarretan positibo eman dutenak, berriz, 340 izan dira hiru lurralde horietan.

17.677 dira lurralde horietan COVID-19az kutsatutakoak, eta horietatik dagoeneko %82,9 sendatu dira. Koronabirusagatik azken orduetan hamabost lagun hil direla jakinarazi du Jaurlaritzak. Orotara, 1.418 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaitzaren eraginez.

Nafarroako Gobernuak emandako datuei dagokienez, kontaketa hasi zutenetik 7.462 lagun kutsatu dira koronabirusarekin, eta 488 lagun hil dira. Azken 24 orduetan, gainera, hamahiru lagun kutsatu dira eta pertsona bat hil da Nafarroan.