Koronabirusa Azpeitian

Ohiko Kuadrilla Egunaren faltan, babes izugarria jaso dute Txolarteko kideek

Uztarria.eus 2020ko mai. 9a, 12:15

Kuadrilla Eguna Atzegiko Txolarte guztien festa da. Txolarteak, asteburuko lagun taldeak edo kuadrillak dira, asteburuetan herri ezberdinetan elkartzen direnak. Urtean behin, maiatzeko hilabetean, kuadrilla guztiak Gipuzkoako herri batean elkartzen dira eta festa egiten dute. Urte bakoitzean herri batean ospatzen da egun hori, eta bertako txolartea edo kuadrilla izaten da festa antolatzearen arduradun. 2019an, Arrasaten ospatu zuten festa, eta 300 pertsona inguru elkartu ziren. "Herriko kaleetan zehar giro polita sortu genuen, bertako frontoian bazkaldu eta dantzaldia
egin genuen", azaldu dute Azpeitiko Txolarte aisialdi taldeko kideek.

Aurtengoan, Azpeitian ziren egitekoak Kuadrilla Eguna, gaurko egunez. Egitasmo horren antolaketan ziharduten bertako txolarteko partaide eta boluntarioek, baita senideek ere.
Aurten, ordea, koronabirusaren krisia tarteko, ezingo dute nahi bezala ospatu Kuadrilla Eguna. "Azpeitian 400 pertsona inguru elkartzeko asmoa genuen: Azoka Plazan bildu eta bertan elkarrekin festaz gozatzea zen gure nahia".

Dena dela, ez dira Kuadrilla Eguna ospatu gabe geldituko Txolarteko kideak; bakoitzak bere herrian, bere etxean, ospatu beharko du festa. Hori bai, datorren urtean egingo dute behar bezala Kuadrilla Eguna Azpeitian, "gogo handiagoz". "Garai batean Txolarte Eguna zena, gaur egun Kuadrilla Eguna izenez ezagutzen duguna, ospatzen jarraituko dugu. Gipuzkoako txolarte guztiek lagun talde handi bat osatzen dugulako".

Gaur egitekoak ziren Kuadrilla Egunaren harira, herritarren irudiak bildu ditu eta bideo hau osatu du Azpeitiko Txolartek. Aisialdi taldeko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei, bideoan parte hartzeagatik.