Koronabirusa Azpeitian

Ez dute koronabirus kasu berririk zenbatu Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko mai. 8a, 15:15

Azken datuen arabera, eskualdean hiru koronabirus kasu berri hauteman dituzte. Hego Euskal Herrian, 11 dira azken 24 orduetan COVID-19 gaitzarekin hil diren herritarrak.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du, eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, hiru kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan Urola Kostan. Zarautzen, Orion eta Zumaian kasu berri bana hauteman dute, eta Azpeitian nahiz gainontzeko herrietan ez da aldaketarik izan. Hala, kontaketa hasi zutenetik, 144 izan dira kutsatuak Zarautzen, 49 Zumaian eta 20 Orion. Gainontzeko herrietan honakoak dira kopuruak: Azkoitian hamazortzi; Azpeitian hamasei; Getarian eta Zestoan bosna; Aian lau; eta hiru Aizarnazabalen.

Lurraldekako datuei dagokienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR testak eginda 60 kasu berri izan dira; horietatik 53 Bizkaian, sei Araban eta bakarra Gipuzkoan. Guztira, 17.286 dira lurralde horietan COVID-19az kutsatutakoak, baina horietatik %78,3 sendatu dira dagoeneko.

Koronabirusagatik hildakoen kopurua ere eguneratu du Eusko Jaurlaritzak; azken orduetan zazpi izan dira hildakoak, atzo baino hamabi gutxiago. Guztira, 1.390 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez.

Nafarroako Gobernuak ere plazaratu ditu datu eguneratuak, eta zehaztu du, kontaketa hasi zutenetik, 7.227 lagun kutsatu direla koronabirusarekin eta 484 lagun hil direla. Azken 24 orduetan, beraz, lau dira Nafarroan hildakoak. Alta jaso dutenak, berriz, 2.827 dira.