Koronabirusa Azpeitian

Iker Arregi: "AEBetan oso berandu ezarri zituzten pandemiaren kontrako neurriak, eta hildakoen zein kutsatuen kopurua goraka doa etengabe"

Uztarria.eus 2020ko mai. 10a, 11:08

Iker Arregi, New York hirian.

Umeak zaintzera eta esperientzia berri bat bizitzera joan zen Iker Arregi (Azpeitia, 1993) Ameriketako Estatu Batuetara. Han harrapatu du koronabirusaren krisiak, egoera kontrolatzeko zailtasun ugari dituzten lurraldeetako batean.

Zer dela eta zaude gaur egun AEBetan?

Au pair gisa etorri nintzen AEBetara, eta gaur egun New York hiritik hogei minutura dagoen herri batean bizi naiz. Azpeitian lanean ari nintzela, planak aldatzeko hautua egin nuen. Bi urte neramatzan leku berean lanean, baina ez zitzaidan iruditu hura bizi osorako gustuko lana izango nuenik. Hori dela eta, nire gustukoak izan zitezkeen esperientziak bilatzen hasi nintzen. Au pair joandako denei entzuten nien esperientzia positiboa zela, eta animatu egin nintzen. Esperientziaz gozatzera, lagunak egitera, bidaiatzera eta kultura berri bat ezagutzera etorri nintzen hona.

Denbora gutxian goitik behera aldatu da dena munduko ia txoko guztietan. Nola eragin du COVID-19aren krisiak zure egunerokoan?

Orain, etxeko umeekin askoz ere denbora gehiago igaro behar izaten dut. Lehen, goizetan eramaten nituen eskolara, eta arratsaldera arte ez nintzen haiekin egoten. Orain, aldiz, beraiekin igarotzen dut egun guztia, eta etxeko lanak ere beraiekin egiten ditut. Gainerakoan, COVID-19a dela eta, lagunekin oso denbora gutxi egoten naiz. Kalera atera gaitezke, baina ez edonora. Eta, noski, parrandarik ezin dugu egin.

Hildakoen kopuruak beldurgarriak dira AEBetan, eta osasungintza pribatua da nagusi. Jende askok ez du baliabiderik hori ordaintzeko… Nola ikusten duzu panorama?

AEBetan, oro har, oso gaizki dago panorama, eta hemen, New York hirian, egoera oso txarra da, hildakoen eta kutsatuen kopurua ikaragarri handia baita. Hildakoen eta kutsatuen kopuruak beldurgarriak diren arren, ez dituzte pandemiaren kontrako behar bezainbeste neurri hartzen, eta jendeak kalera irteten jarraitzen du. Baina ni oso gustura nago. Gu bizi garen lekuan egoera lasaiagoa da, eta familiak etxean bezala sentiarazten nau. Osasungintza sistemari dagokionez, esan behar da jende ugari hil dela horren ondorioz, hau da, ez zutelako baliabiderik osasun zerbitzuak ordaintzeko. Dena den, AEBetan oso berandu ezarri zituzten pandemiaren kontrako neurriak, eta hildakoen zein kutsatuen kopurua goraka doa etengabe.

COVID-19aren kontrako neurri gutxi hartu dituztela diozu. Zein dira hartu dituzten neurri horiek?  

Hasieran, eskolak, saltokiak nahiz tabernak itxi zituzten, besteak beste, eta debekatu egin zuten taldekako kirola praktikatzea. Apirila aldera hasi ziren pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzeko eskatzen nahiz maskaren erabilera sustatzen. Baina inoiz ez dute argi eta garbi esan etxean gelditzeko.

Hemen hasi da deskonfinamendua… Han gertu ikusten al duzu?

Egia esan, oso urrun ikusten dut. Egunero ikusten edo irakurtzen ditut albisteak, eta hildakoen eta kutsatuen kopurua goraka doa egunak joan eta egunak etorri. Dagoeneko, milioi bat eta berrehun milatik gora kasu zenbatu dituzte. Nahiago nuke egoerak hobera egingo balu, baina ez du itxura hori. Aste honetan bertan jende ugari ikusten zen kaleetan eta hondartzetan. 

Polizien presentzia edo kontrola areagotu egin dela nabaritu al duzue?

Ni bizi naizen lekuan ez zait iruditu polizia gehiago dabilenik, ezta kontrola handitu denik ere. Aldiz, New York hirian polizien kopuruak nabarmen egin du gora.

Guztia hasi zenean, pentsatu al zenuen Azpeitira itzultzerik?

Hasieran, ez nuen pentsatu ere egin. Gerora zalantza sartu zitzaidan, pentsatu nuelako hemen egoerak gain hartuko zidala, umeekin denbora gehiegi eta… Baina, aldi berean, pentsatzen nuen Azpeitira itzulita ez nuela ezer irabazten, han etxean sartu beharko nuelako. Hemen, behintzat, kalera irten naiteke, eta lanean ari naizenez, soldata bat daukat. Gainera, hemengo familiako kideek etxean bezala sentiarazten naute. Umeekin ere pentsatzen nuena baino askoz hobeto ari naiz moldatzen, harreman oso ona dugu eta.  

Sumatzen al duzu etxekoen falta?

Bai, etxekoen falta beti sumatzen da. Baina hemen ere oso eroso nago, eta horrek asko laguntzen dit.

COVID-19ak gogor kopatuko zuen AEBetako ekonomia ere.

Bai, eragina nabarmena izan  da. Jende asko lanik gabe gelditu da hemen, leku guztietan bezala. Lehengo egunean entzun nuen jende askok armak erosi dituela, balizko lapurreten aurrean defendatzeko.

Azpeitiko berri jarraitzen al duzu?

Bai, beti. Gurasoekin nahiz lagunekin hitz egiten dudan bakoitzean kontatzen dizkidate horko berriak. Orain, behintzat, badakit kalera atera zaitezketela, kirola egiteko aukera duzuela eta. Asko pozten naiz. Ea laster itzultzen den dena bere onera.