Koronabirusa Azpeitian

Alkatearen esanetan, udala "egoera ekonomiko onean eta sendoan" dago alarma egoerak eragindako ondorioei aurre egiteko

Uztarria.eus 2020ko mai. 6a, 20:27

Nagore Alkorta alkateak iazko aurrekontu orokorraren likidazioaren berri eman zuen atzoko udalbatzarrean. Haren esanetan, udalak aurreikusitako inbertsioen %80 gauzatu zituen iaz, %9,1eko zor bizia du eta gastu orokorretarako zazpi milioi euro inguru ditu erabilgarri. "Egonkortasun eta iraunkortasun helburu guztiak beteta ditugu".

Atzo, asteartea, maiatzeko udalbatzarra egin zuten udal ordezkariek, modu telematikoan, ezohiko egoerak behartuta. Aurreikusitako izapide guztiak ahobatez onartu zituzten, eta horiez gain, 2019ko udal aurrekontu orokorraren likidazioaren berri ere eman zuen Nagore Alkorta alkateak. Nabarmendu zuen iazko aurrekontuetan aurreikusitako inbertsio gehientsuenak gauzatu zituela udalak eta "egoera ekonomiko onean eta sendoan" dagoela COVID-19ak sortutako alarma egoeraren ondorioei aurre egiteko.

Azpeitiko Udalak 23.795.519,53 euroko aurrekontua izan zuen iaz, eta %80,34ko exekuzio mailarekin itxi zuen ekitaldia, alegia, aurreikusitako inbertsio gehienak eginda. Udalaren zor bizia, berriz, %9,1ekoa da, "datu oso ona", Alkortaren esanetan. "Legeak erakunde publikoei ezartzen dizkien finantza betekizun guztiak betetzen ditu udalak; gastu arauari, zor biziari eta superabitari lotutako arau guztiak, hain zuzen. Beraz, egonkortasun eta iraunkortasun helburu guztiak beteta ditugu". Legearen arabera, udalaren zorra ezin da izan aurreko urtean onartutako ohiko eskubideen %77 baino handiagoa; Azpeitikoa %9,1ekoa da, gaur egun.

Udalak zenbat diru daukan ere azaldu zuen Alkortak. Gaur egun 14.423.709,54 euro gordin ditu, baina kopuru horren zati bat hainbat inbertsiori lotuta dago eta kreditu aldaketa bat ere egina du. Beraz, gastu orokorretarako erabilgarri zazpi milioi euro inguru ditu.

Datu horiek emanda, udala egoera ekonomiko onean egoteak duen garrantzia nabarmendu zuen Alkortak. Izan ere, COVID-19aren ondorioen artean, diru sarreretan beherakada izatea aurreikusten dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen udalentzako foru funtsetik, esaterako, 2,5 milio euro gutxiago jasoko ditu Azpeitiko Udalak. "Sarrera gutxiago izango baditugu ere, egoerak ahalbidetzen digun heinean, aurreikusitako proiektuak gauzatuko ditugu, udalak baduelako gaitasun ekonomiko hori".

Aurten, udalaren lehentasuna pandemiak eragindako ondorioei aurre egitea izango dela adierazi zuen Alkortak, eta ekonomikoki osasuntsu egon arren, diru publikoarekin "zuhurtziaz" jokatuko dutela. "2020ko aurrekontuetan ekonomiaren sustapena eta gizarte babesa jarri zituen udalak lehentasun gisa. Pandemiak bi arlo horietako aurreikuspenak indartu beharra ekarri du, eta hala egingo dugu, egoerak hori eskatzen duelako eta egoera ekonomikoak hori ahalbidetzen duelako".

Horretaz gain, aurreikusitako proiektu guztiekin aurrera jarraitzeko konpromisoa agertu zuen, ezohiko egoerak ahalbidetzen duen heinean, eta iragarri zuen udala Plan Estrategikoa berritzen hasiko dela, egoera berria abiapuntu gisa hartuta.