'Elkano: lehen mundu bira' filma izango da ikusgai bihar Uztarria.eus-en, Etxealditik Euskaraldira egitasmoaren barruan

Uztarria.eus 2020ko api. 28a, 14:25

Etxealditik Euskaraldira ekimenaren barruan, film emanaldi bateratua prestatu dute EITBk, Tokikomek eta Topaguneak. Hori dela eta, bihar 16:00etan Elkano: lehen mundu bira filma izango da ikusgai Urolako Komunikazio Taldeko hedabideetan. 21:00etan, aldiz, Gartxot: konkista aitzineko konkista izango da ikusgai Erlo Telebistan.

Tokikom toki komunikabideen bateraguneak eta EITBk sinatu duten akordioa tarteko, bihar Gartxot: konkista aitzineko konkista eta Elkano: lehen mundu bira filmak eskainiko dituzte aldi berean, Euskal Herriko euskarazko telebista eta toki hedabide ugaritan, eta horien artean daude Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideak. Horrenbestez, bihar, 16:00etan hasita. Elkano filma izango da ikusgai UKTko hedabideetan; hain zuzen, Uztarriaren, Baleikeren, Maxixatzenen, Zarauzko Hitzaren eta Urola Kostako Hitzaren webguneetan eta Erlo Telebistan. 21:00etan, aldiz, Gartxot: konkista aitzineko konkista izango da ikusgai Erlo Telebistan.

Etxealditik Euskaraldira egitasmoaren barruan biharko prestatutako proposamenaren bueltan antolatu dute filmen emanaldia Tokikomek eta EITBk. "Hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatza", eta "euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko" nahiz "euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko" egin dute bat tokiko hedabideek eta telebistek.

Filmen inguruko xehetasunak

Gartxot: konkista aitzineko konkista 2011. urtean Juanjo Elordiren eta Asisko Urmenetaren zuzendaritzapean egindako animaziozko filma da. Urmenetaren Gartxot komikian oinarritutako zinta da —Arturo Kanpionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa liburutik abiatutako komikian, alegia—.

Elkano: lehen mundu bira, aldiz, iaz zinema aretoetan estreinatutako animazio film bat da. Angel Alonso da zuzendaria, eta Jose Antonio Vitoriak eta Garbiñe Losadak Juan Sebastian Elkanoren ibileretan oinarritu zuten filmerako egindako gidoia. Animaziozko film onenaren Goya sarirako izendatua izan zen.