Koronabirusa Azpeitian

Leire Juaristi: "Adin guztietako pertsonei eragin diezazkieke kalteak gailu elektronikoak neurriz kanpo erabiltzeak"

Uztarria.eus 2020ko api. 28a, 13:20
Leire Juaristi Donostia Ospitaleko kontsultan.

Donostia Ospitaleko oftalmologoa da Leire Juaristi (Azpeitia, 1990). Konfinamendu garaian gailu elektronikoak neurriz kanpo erabiltzeak begietan izan dezakeen eraginaz aritu da solasean azpeitiarra, eta ondorioak saihesteko hainbat gomendio eman du hark.

Itxialdian orduak igarotzen dituzte herritarrek gailu elektronikoei begira. Zer ondorio ekar ditzake horrek?

Adin guztietako pertsonei, helduei zein umeei, eragin diezazkieke kalteak gailu elektronikoak neurriz kanpo erabiltzeak. Helduok molestia gehiago izaten ditugu, eta besteak beste, begiak lehortzea, hondar sentipena izatea, azkura, ikusmen lausotua eta buruko mina izan daitezke sintometako batzuk. Gaur egun, izendatutako arazoa da, eta gailuen erabilera tarteko, gero eta ohikoagoa da. Umeen kasuan, berriz, alarma zeinuei adi egotea komeni da, sintomak oharkabean igaro daitezkeelako. Irudiarengana gehiegi gerturatzen, begia okertzen nahiz nahigabe keinu egiten hasten badira, komenigarria da azterketa egitea.

Telelena ezarri dutenez, hainbat herritarrek ezinbestean erabili behar dituzte gailu elektronikoak. Ikusmena zaintzeko, zer neurri har ditzakete?

Ordu luzez aritu behar dugunerako, garrantzitsua da ergonomia zaintzea eta ohitura onak izatea. Batetik, ikusmena ez behartzeko garrantzitsua da gelan argitasun egokia izatea, gailuen pantailetan argi zuzena ez ezartzea, erreflexuak saihestea eta kontraste egokia izatea. Ordenagailuaren pantaila begien mailan edo zerbait beherago izatea gomendatzen da; izan ere, altuegi baldin badugu, begiak nekatu eta gehiago lehortzen dira, kornearen esposizioa handiagoa delako. Bestetik, begiaren eta pantailaren artean gutxieneko distantzia mantentzea ere garrantzitsua da: gutxi gorabehera, irakurketarako norbere besaurrearen luzera hartzea gomendatzen da, eta besoaren luzera ordenagailuaren pantailarako; dena den, eroso egotea da xedea. Horrez gain, lanpara flexoa baldin badaukagu modu jakin batean jartzea komeni da, idaztean eskuek itzalik ez egiteko: eskuina denak ezker aldean, eta ezkerra denak, eskuin aldean. Eta oso garrantzitsua da atsedenak egiteko ohitura hartzea: 20-20-20 erregela famatua egin dezakegu. Begiak goxatzeko malko artifizialak lagungarri izan daitezke, gainera, baina molestiarekin jarraituz gero, profesionalengana jotzea komeni da. Izan ere, baliteke graduatutako betaurrekoen beharra izatea.

Betaurrekoak, lentilak, kolirioa, begietako ariketak... Denak izan al daitezke lagungarri?

Lentilek abantaila asko badituzte ere, bizi dugun egoeran betaurrekoak erabiltzea gomendatuko nuke. Eskuak garbi mantentzea eta aurpegia ez ukitzea oso garrantzitsua dela diote adituek, eta beraz, begiak ez ukitzea ere bai. Lentilak janztean eta kentzean, birusa gure begira eramateko arriskua daukagu. Bestalde, betaurrekoek birusaren esposiziotik babesten gaituzte. Etxean gaudenean begiek hobeto hartzen dute atseden betaurrekoak erabiliz gero; izan ere, lentilek, gutxi edo gehiago, begiaren arnasketa oztopatzen dute. Erabilera norbanakoen egoerara egokitu behar da beti, baina orokorrean, hobe da betaurrekoak erabiltzea.

Etxe barruan hainbeste ordu pasatzeak ba al du eraginik begietan?

Argi naturala beharrezkoa da begiaren garapen ona bermatzeko. Ikerketen arabera, argi faltak miopia garatzea bultzatzen du. Hala ere, konfinamendua hilabete pare bateko kontua izango dela pentsatuta, ondorio larririk ez digula eragingo esango nuke. Hala eta guztiz, leihora edo balkoira ateratzea eta argitasuna jasotzea beti da mesedegarria, bai begientzat, bai orokorrean.

Konfinamendu garaian nabaritu al duzue begietako arazoak areagotu direnik?

Gainerako birusek bezala, COVID-19ak konjuntibitisa eragin dezake begietan. Konjuntibitis kasuak izan digutu, baina ez dugu koronabirusak eragindako kasurik baieztatu oraingoz. Hala ere, inor konjuntibitisaren sintomekin hasiko balitz –begi gorria, fotofobia (argitasunarekin begiko mina), malkoak eta makarrak izaten–, badaezpada, tenperatura neurtzeko eta arnas sintomei adi egoteko esango nioke.

Nola aldatu da zuen lana koronabirusaren krisia hasi zenetik?

Lan erritmoa eta modua egokitu egin behar izan ditugu egoera berrira. Martxoaren erdialdean osasun krisia hasi zenetik, kasu larriak artatzera murriztu dugu gure jarduna, eta ohiko berrikusketak nahiz itxaron dezaketen pazienteen hitzorduak atzeratu egin ditugu. Izan ere, egoera honetan balantzan jarri behar dira pazientea ospitalera etortzeak eragin dezakeen birusarekiko esposizio arriskua eta medikuaren bisitaren onurak. Dena den, gugana etortzen diren pazienteak artatzeko segurtasun neurriak hartzen ditugu eta kontu handiz ibiltzen gara. Bestalde, ahal den neurrian, telelana egiten saiatzen ari gara. Gaixoei deitzen, beraien egoera zein den jakiten, dituzten zalantzak argitzen eta aholkuak ematen ahalegintzen gara. Egia esan, asko eskertzen dute.