Koronabirusa Azpeitian

Aritz Elgarresta: "Ingalaterrako agintariak berandu hasi ziren neurriak hartzen, eta horrek bere eragina izan du"

Uztarria.eus 2020ko api. 25a, 19:01
Aritz Elgarresta.

Manchesterretik gertu, Knutsford-en (Ingalaterra) herrian, bizi da Aritz Elgarresta (Azpeitia, 1982) joan zen abenduaz geroztik. Ingalaterran, batez ere, hirietan hedatu da koronabirusa hark dioenez, eta bera bizi den herrian egoera bestelakoa da. Dena den, konfinatuta dago duela hilabete ingurutik.

Hilabete batzuk daramatzazu Knutsford-en bizitzen. Zer moduz?

Ondo. Oso leku lasaia da, eta herri txiki bat denez, ez dago mugimendu handirik.

Koronabirusaren krisiak gogor jo al du hor?

Ingalaterrako COVID-19aren lehengo kasua Knutsford-eko gizon batena izan zen; hark urtarrilaren hasieran eman zuen positibo. Dena den, geroztik, ez dugu gertuan kasurik ezagutu. Herri txikia izanik, ez du oso gogor jo koronabirusak. Hala ere, Euskal Herrian bezala denda, jatetxe eta saltoki guztiak itxita daude.

Eta Ingalaterran zein da egoera, oro har?

Gaitzak oso gogor jo du hiriburuetan. Ingalaterrako agintariak berandu hasi ziren neurriak hartzen, eta horrek bere eragina izan du.

Nolakoa izan da bilakaera? Hau da, nola joan da garatzen osasun krisia?

Euskal Herrian baino bi aste beranduago ezarri zuten konfinamendua. Euskal Herrian etxean zineten bitartean, guk lanean eta bizimodu normalarekin jarraitzen genuen, nahiz eta koronabirusaren kasuen kopurua azkar ari zen igotzen.

Nola ari zara bizitzen egoera?

Bizi naizen tokian, pixka bat errealitatetik kanpo banengo bezala sentitzen naiz. Izan ere, hemen ez dugu beldurrik edo urduritasunik sumatzen. Baina hemengo bizitzeko modua ere desberdina da; etxeak txikiak dira, eta ondorioz, jende gutxiagorekin egiten dut topo.

Nola daramazu konfinamendua?

Ondo ez [barrez]. Gogorra egiten zait lau paretaren artean egotea. Kirola egiteko edo kalera irteteko baimena badugu hemen, baina etxekideek ez didate kalea zapaltzen uzten.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Goizean goiz jaikitzeko ohitura dugu. Etxekideok batera gosaltzen dugu, eta gero, bakoitza bere ikasketetan edo egin beharretan aritzen da. Bazkal ostean, berriz, telesail edo film bat ikusi, irakurri eta berriketan aritzen gara. Larunbatetan, berriz, kudrillakoekin bideo-deia egiten dut pare bat garagardo edanez, eta barre mordo bat egiten dugu. Oso gustura egoten naiz.

Nola ari zara lanean?

Jatetxe batean egiten nuen lan kirisialdi hau hasi aurretik, eta kasu horretan, zaila da telelana egitea.

Herritarrak ari al dira gaitzaren hedapena saihesteko neurriak betetzen?

Kalean distantziak-eta mantentzen dituzte, baina erosketak egiterakoan, era guztietako jendea ikusten da: haurrak jolasten supermerkatuan, pertsona batzuk maskararekin eta eskularruekin, beste batzuek ez dakite txanda itxaroten... Gainera, Ingalaterra izateko, udaberri bikaina ari gara izaten aurten, eta herritar ugari ikus daitezke parkeetan. Familiak bizikletarekin, haurrak elkarrekin jolasean... Neurriak ez dituztela oso ondo betetzen, alegia.

Euskal Herrira itzultzerik pentsatu al duzu osasun krisia hasi zenetik?

Egia esan, ez. Hemen seguru nago. Baina laster lana dela-eta itzuli beharra izango dut.