Koronabirusa Azpeitian

Dolua konfinamendu garaietan

Urola Kostako Hitza 2020ko api. 24a, 13:49

Ingurukoak agurtzeko ohiko moduak mugatuta, dolua bizitzeko beste modu batzuk aurkitu beharko ditu gizarteak.

Alarma egoeragatik bertan behera geratu dira hildakoak agurtzeko erritualak, eta horren inguruko iritzia eskatu dio Urola Kostako Hitzak Azkoitiko, Azpeitiko eta Zarauzko Death Cafeko kide banari.

Etxean gelditzeko aginduak herritarren bizimodua errotik aldatzeaz harago, heriotzaren inguruko erritualetan ere eragin du, gizarteko hainbat ohitura hankaz gora jarri baititu. Egoera normalean, pertsona bat hiltzen denean, beilatokian edo etxean izaten da gorputza eta ingurukoak hurbiltzen dira familiari doluminak ematera. Orain, ordea, ez dago beilatokirik edo etxeko bisitarik, eta doluminak balkoitik, telefonoz edo whatsapp bidez ematea beste aukerarik ez dago. Horregatik, ez da egoera erraza gertuko pertsonaren bat galdu duenarentzat.

Koronabirusaren krisiak testuinguru berri bat sortu du, eta hainbat faktorek eragin egin dute dolu prozesuan. Egoera berri honetan, asko bakardadean hiltzen ari direnaren sentipena zabaldu da gizartean. Zarautz Herri Hezitzailea taldeko kidea eta Zarauzko Death Cafe ekimeneko antolatzailea da Jabi Bereziartua, eta haren esanetan, gure gizartean oso garrantzitsua da hiltzear dagoenaren ondoan egotea. "Horregatik, bizitza osoan zehar gertu izan dugun familiako kide edo lagun baten agurrean bere ondoan ezin egoteak bakarrik utzi izanaren sentipena sor dezake ingurukoengan". Nabarmendu du horrek "haserrea eta kulpa" sentimenduak sortzen dituela hil den pertsonaren ingurukoen artean. "Nire ustez, neurri hori oso krudela da, eta beharrezko babes neurriak hartuta, beste modu batera egin daitekeela uste dut, familiaren dolu prozesua errespetatuz".

Agur kolektiboa

Zendu diren lagunei egiten zaien agur kolektiboan ere aldaketa nabarmenak eragin ditu konfinamenduak. Dolu prozesua "norberak bere buruarekin pasa beharrekoa" dela bat datoz adituak, baina une zailetan ingurukoen babesa sentitzea ere "oso garrantzitsua" dela azpimarratu dute. Konfinamenduak aukera hori eten duela azaldu du doluan aditu Maider Etxeberria psikologo azkoitiarrak. "Gaur egungo teknologia berriek gainontzekoekin gure atsekabea elkarbanatzeko aukera eskaintzen dute konfinamendu garaian, baina pertsonen arteko hartu-emana behar izaten dugu askok. Orain ezin dira agurrak egin, eta horregatik, uste dut dolua ulertzen dugun bezala, ez dela berehala emango, aldaketa handi bat gertatu delako. Bizi dugun ezohiko egoera hau pasatzen denean egingo dira agurrak", adierazi du psikologoak. Izan ere, sinesmen edo fede bakoitzak ditu zendu diren pertsonak agurtzeko bere erritualak, eta "sinisdun horientzat beharrezkoa da horiek betetzea beren buruarekin bakean geratzeko", dio Bereziartuak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.