Irakurzaleen gomendioak, Liburuaren Egunean

Gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna da. Data seinalatua baliatuta, herriko bost irakurzaleri galderak egin dizkie Uztarriak. Esku artean dituzten liburuak zein azkenaldiko gustukoenak hizpide izan dituzte, konfinamendu aste hauetan irakurtzeko tarte gehiago hartu ote duten kontatu dute, baita zer hizkuntzatan irakurtzen duten edota liburuak non eta nola eskuratu ohi dituzten.

Aitor Aranbarri (Azpeitia, 1988): "Gustatuko litzaidakeena baino gutxiago ari naiz irakurtzen konfinamenduan. Lanean segitzen dudanez, nire egunerokoa ez da hainbeste aldatu. David Meseguerren eta Karlos Zurutuzaren Respirando fuego da irakurri dudan azken liburua. Kurduei buruzko erreportaje sorta da, herri horretako jende 'arruntaren' azken hamarkadako bizipenen bilduma. Irakurketa arina eta gomendagarria.

Azkenaldian irakurri ditudanetatik, Miren Gorrotxategiren 33 Ezkil eta Pako Aristiren Rosa itzuli da nabarmenduko nituzke. Orain David Van Reybrouck-en Congo ari naiz irakurtzen, herrialde horren historiari buruzko kronika mardula; asko ari zait gustatzen. Eta Joseph Hellerren Catch-22 ezaguna ere gomendatuko nuke. Gerrari buruzko satira eroa da, nire liburu gustukoenen artean dago.

Euskarazko liburuak denda fisikoetan erosi ohi ditut; herrian liburudendarik ez daukagunez, ba gehienetan Donostiakoetan. Erdaretan idatzitakoak, berriz, Internetez lortzen ditut, batik bat bigarren eskuko salmentara dedikatzen diren atarietan. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakurtzen du eta hiru hizkuntzok tartekatzen saiatzen naiz.

Irakurle Taldean parte hartzeko aukerarik ez dut izan, baina oso ekimen interesgarria iruditzen zait".

Izaskun Agirre (Azpeitia, 1963): "Denbora lasai hartu eta etxean zain nituen liburuak leitzeko aprobetxatzen ari naiz egun hauek. Ibon Martinen La danza de los tulipanes, Joël Dickeren La verdad sobre el caso Harry Quebert eta Ildefonso Falconesen El pintor de almas dira azkenaldian irakurri eta gogoko izan ditudan liburuak. Horiekin batera, baita Anna Vivesen Si crees en mi te sorprendere eta Elisabeth Kubler-Rossen La muerte: un amanecer ere gomendatuko nituzke; motzak, erraz eta gustura irakurtzekoak dira azken bi horiek.

Normalean maileguan hartu edo erosi egiten ditut liburuak. Hori bai, beti paperean. Gaztelaniaz irakurtzen dut gehien bat, euskaraz gutxiago.

Irakurle Taldean parte hartzen dut eta gustura joaten naiz jendearen iritziak jasotzera eta Pako Aristiren argibideak entzutera".

Maite Garmendia (Azpeitia, 1957): "Azkena irakurri dudan liburua Karmele Jaioren Aitaren etxea izan da. Liburu puska da, ikaragarri gustatu zait. Izenburuak dioen moduan, aitarena da bizi dugun eta bizi gaituen sistema. 'Etxea'-ren deskribapena egiteko erabiltzen dituen pertsonaien jokamoldeek azaltzen digute bakoitzari esleitutako rolak zeintzuk diren: ehizarako, zaintzarako... Hain modu sutilean azaltzen ditu funtzionatzeko moduak, hain sinesgarri... Gutako edozein ikusi ahal da idazleak deskribatutako pertsonaia horietakoren batean. Aitaren etxeaz gain, Eduardo Galeanoren Los hijos de los dias ere oso ondo dago, eta erraz irakurtzen da gainera. Azkenaldian tira handia dut baita ere hainbat idazle afrikar eta iraniarrekiko, lurralde horiek gehiago ezagutu nahi ditut eta.

Baliteke gehiago irakurtzea konfinamenduan, baina ez soilik liburuak. Aldizkarietako artikuluak, prentsa eta abar ere bai. Txiolandiaren jarraitzailea ere banaiz, eta hor irakurtzeko aukera asko aurkitzen dut beti.

Urtean zehar erosten ditut liburu batzuk, baina liburutegitik ere hartzen ditut maileguan. Erosi, batik bat, euskal literatura erosten dut, eta maileguan hartu asko saltzeko arazorik ez duten idazleen liburuak. Euskaraz irakurtzen dut gehien. Gaztelaniaz ere irakurtzen dut, eta urtean aleren bat ingelesez, poliki-poliki.

Azpeitiko Udal Liburutegiak antolatzen duen literatur solasaldietako kide ere banaiz. Hori dela eta, liburu gehiago irakurtzen ditut. Irakurle oro animatuko nuke bertan parte hartzera".

Maider Egiguren (Azpeitia, 1977): "Uneotan Leon Tolstoiren Guerra y paz liburua ari naiz irakurtzen. Gustura ari naiz leitzen. XIX. mendean kokatzen da liburua, eta Errusiaren historia kontatzen du, hainbat pertsonaiaren bizipenetatik abiatuta. Garai hartako pertsonen balio eta arau sozialen ikuspegitik kontatzen da historia, eta hori asko gustatzen zait. Egun hauetan irakurtzeko denbora gehiago daukat, eta horregatik aukeratu nuen irakurtzeko liburu potolo bat.

Azkenaldian irakurri ditudan liburuei dagokienez, Disoluzio agiriak Jose Luis Otamendiren poesia liburua, Bihotz handiegia Eider Rodriguezen ipuin liburua eta Hondarrak Ruben Sanchez Bakaikoaren lana nabarmenduko nituzke. Asko-asko gustatu zaidan liburua da azken hori, agian nahiko isilik pasatu dena.

Liburutegitik hartzen ditut liburuak; neure lantokitik, alegia. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzen dut; tartekatzen saiatzen naiz. Bolada batzuetan euskaraz gehiago irakurtzen dut, eta beste batzuetan gaztelaniaz.

Liburutegian bertan antolatzen dugunez literatura solasaldia, parte hartu izan dut behin baino gehiagotan. Bitxia da nolako sentipen eta hausnarketa ezberdinak sortu daitezkeen liburu bera irakurrita. Oso aberasgarria da ikustea nola batzuetan irakurritako istorioak gure bizitzako ibilbidearekin lotzen ditugun. Noizbait gertatu izan zait hainbeste gustatu ez zaidan liburuaren inguruko ikuspuntua aldatzea solasaldiaren ondoren".

Ane Soraluze (Azpeitia, 1990): "Juan Gomez Juradoren Reina roja da irakurri dudan azken liburua, eta egia esan, ez zait gustatu. Krimen batzuen gainekoa da eta krimen horien egilea zein zen jakiteagatik amaitu nuen liburua, baina ez zitzaidan gustatu idazlearen istorioa kontatzeko modua. Joel Dickerren Los ultimos dias de nuestros padres eta La desaparicion de Stephanie Mailler, Don Winslowren El poder del perro, Tim Marshalen Prisioneros de la geografia eta JD Sallingerren El guardian entre el centeno dira azkenaldian irakurri ditudan liburuetatik gehien gustatu zaizkidanak.

Konfinamendua hasi zenetik saiatzen naiz gehiago irakurtzen, baina lanera joaten segitu behar izan dudanez, nire denbora librea ez da hainbeste areagoitu. Hala ere, konfinamendua gehiago irakurtzeko aitzakia gisa erabiltzen ari naiz.

Paperean -gehien bat- edo e-bookerako, baina liburuak erosi egiten ditut. Etxean apalak liburuz beteta ikustea ia irakurtzea bera baino gehiago gustatzen zait. Nagusiki gaztelaniaz irakurtzen dut, urteak dira euskaraz irakurtzen ez dudala, eta inoiz ez dut parte hartu Irakurle Taldearen saio batean".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide