Koronabirusa Azpeitian

0,96 euro izango da maskara kirurgikoen gehienezko salneurria

Uztarria.eus 2020ko api. 22a, 17:49

Espainiako Gobernuak hartu du erabakia, "gehiegikeriak saihesteko". Salvador Illa Osasun ministroak azaldu duenez, lanean dabiltza gainontzeko osasun produktuen gehienezko prezioa ere finkatzeko.

Medikamentuen eta Osasun Produktuen Prezioen Ministerio Arteko Batzordeak maskara kirurgikoen gehienezko salmenta prezioa 0,96 euroan finkatzea adostu du, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo jakinarazi zuenez. Haren arabera, “gehiegikeriak saihesteko helburuarekin” hartu du erabakia gobernuak.

Illak jakinarazi du “merkatuaren egoera” baloratu dutela erabakia hartzeko. Ondorioztatu dute merkatuaren ohiko mekanismoei jarraitzea ahalbidetzen diola 0,96 euroko gehienezko prezio horrek, eta ez duela “oztoporik” sortuko.

Maskara kirurgikoen kasua da hori, baina, maskara higienikoen prezioa, oraingoz arautu gabe dago. Osasun ministroak jakinarazi du “laster” ezarriko dutela prezio hori ere baina, oraingoz, itxaron egingo dutela maskara horien Espainiako ekoizpena aktibatu arte eta prezioan erregulazioak «gehiegikeriak saihestea» lorzen duela ziurtatu arte.

Behar dituztenek soilik

Maskaren erabileraren inguruan hamaika iritzi plazaratu dira azken egunetan. Ministroak azaldu du maskarak erabili behar dituztela gomendatutako gutxieneko distantzia ziurtatzerik ez dagoen egoeretan; esaterako, garraio publikoan lanera joan behar dutenen kasuan. “Prezioen gehiegikeria gertatzen bada, Gobernuak neurriak hartuko ditu, eta horretarako mekanismoa gaituta dago”, argitu du Illak.

Maskara kirurgikoekin egin duten moduan, Osasun ministroak jakinarazi du gainontzeko osasun produktuen prezioa finkatzeko lanean ere badabilela Espainiako Gobernua. Beraz, gehiegikeria gehiago atzemanez gero ekintzetara igaroko direla azaldu du.

Amaitzeko, Illak azaldu du maskarak ez direla erabili behar oinarrizko hiru segurtasun baldintzak betez gero. Ondorengoak dira neurriak: bi metroko distantzia gordetzea, eskuak maiz garbitzea eta norberaren higienea zaintzea.