Koronabirusa Azpeitian

Leire Fernandez: "Egoera gogorra izaten ari da haurrentzat eta jakin behar dute beren familiek beraien bizitzaren parte izaten jarraitzen dutela"

Uztarria.eus 2020ko api. 22a, 12:00

Azpeitiko harrera etxeko haurrak, telebista ikusten

Konfinamendua ezarri zutenetik, Azpeitiko harrera etxean bizi diren haurrek ez dute beren gurasoekin eta familiako gainerako kideekin elkartzeko aukerarik izan. Leire Fernandez da harrera etxeko arduraduna, eta haurrek egoera nola bizi duten kontatu dio Uztarriari.

Zenbat haur bizi dira Azpeitiko harrera etxean eta zer adinetako haurrak dira?

7 eta 16 urte bitarteko bederatzi haur bizi dira.

Zenbat profesionalek lan egiten duzue haiekin?

Gaur egun, zortzi hezitzaile eta sei integratzaile ari gara lanean.

Zer moduz daramazue itxialdia? Nola pasatzen dituzue egunak?

Errutina planifikatuak dituen espazio egonkorra eskaintzen diegu umeei. Aste barruan, egun guztiak egituratuta ditugu. Egunero, 09:00etan jaikitzen dira eta gosaldu egiten dute. Ondoren, gosaritan ibilitakoak jasotzen dituzte, beren gela txukuntzen dute, etxeko lanak egiten dituzte, bazkaldu, dagozkien lanak egin eta jolas librerako tarte bat izaten dute: margotzeko, telebista ikusteko, eta abar. Horretaz gain, egunero jarduerak antolatzen ditugu hala nola, zumba, lasterketa-jokoak, yoga, karaokea eta erlaxazio-ariketak. Gero, dutxatu egiten dira eta afaldu egiten dute. Ohera joan aurretik, telebista ikusten dugu edo mahai-jokoetan ibiltzen gara. Asteburuetan, berriz, beranduago jaikitzen dira, ez dute etxeko lanik egiten eta eguna ez dugu hain egitaratua izaten; aisialdiari denbora gehiago eskaintzen diogu. Beraiek erabakitzen dute zein ekintza egin nahi duten; horrela egin dugu jaiegunetan eta Aste Santuan.

Ondo egokitu al dira egoerara?

Egia da tentsio uneak egoten direla haurren artean. Bizi dugun egoeran, beren arteko harremanak askoz biziagoak dira, 24 ordu elkarrekin pasatzen baitituzte, eta gatazkak sortzen dira euren artean. Hori dela eta, hurbiltasunetik, onarpenetik eta atxikimendutik sustatzen ditugu harremanak. Jakitun gara osasun alerta egoerak eta konfinamenduak umeei antsietatea, beldurrak eta kezkak eragin diezaizkiekela, eta astero egiten ditugu arlo horiek lantzeko eta arazoei aurrea hartzeko tailerrak eta batzarrak. Kezkatzen gaituen beste alderdi bat eskola da, ikastetxeak itxita baitaude. Etengabeko harremana dugu eskolekin, haurren eskola egoeraren jarraipena egiteko, ikaskuntzan hobetu eta aurrera egin dezaten. Era berean, irakasleak oso presente daude haurren bizitzan, bideo-dei bidez haiekin harremana baitute. Hori oso garrantzitsua dela uste dugu, haurrek sentitu dezaten irakasleek beren bizitzaren parte izaten jarraitzen dutela.

Itxialdia hasi aurretik, haur horiek zer-nolako harremana zuten euren gurasoekin?

Haur bakoitzak bisita erregimen bat du ezarrita, haurraren eta familiaren beharren araberakoa. Batzuek astean behin izaten zuten bisita, besteek hamabostean behin… Bisita batzuk, hezitzaile taldearekin batera egiten zituzten; beste batzuk, berriz, ez; beti ere beharren arabera. Bisita horietan, familiakoekin egoten ziren, jarduerak egiten zituzten, jolastu egiten zuten, parkera joaten ziren... Jarduera horiekin, familia sisteman hobetu beharreko alderdiak lantzen zituzten, egoera hobetze aldera. Gure helburua da haurren eta haien familien erresilientzia sustatzea. Horretarako, familiarteko bisitetan alderdi erresilientea lantzen saiatzen gara, familiaren lotura afektiboari eusten lagunduz. Guk ikuspegi apreziatiboa erabiltzen dugu, hau da, familien elementu positiboetan zentratzen gara eta horiek bultzatzen eta indartzen ditugu, segurtasun eta konfiantza esparru bat sortzeko. Aurrez aurreko bisitez gain, telefonoz ere izaten zuten harremana.

Itxialdia hasi zenetik, haurrek ez dute aurrez-aurreko harremanik izan gurasoekin eta familiako gainerako kideekin. Beste moduren batera egoten al dira haiekin?

Bai, telefono dei eta bideo-dei gehiago egiten dituzte orain. Familiakoak ikusi ezin dituztenez, egunero egoten dira haiekin familia nukleoaren lotura eta kide izatearen sentimenduari eusteko. Egoera gogorra izaten ari da haurrentzat, eta jakin behar dute beren familiek beraien bizitzaren parte izaten jarraitzen dutela, eta bisitarik izan ezin badute ere, uste dugu oso garrantzitsua dela elkarrengandik urrun ez sentitzea. Beraz, beharrezkoa da harreman horri eustea.

Horrenbeste denbora gurasoekin ez egoteak nola eragin diezaieke haur horiei? Faltan sumatzen al dituzte gurasoak? Zer esaten dizuete zuei?

Haurrak atsekabetuta daude familiartekoak ikusi ezin dituztelako, faltan sumatzen dituzte eta haiekin egon nahi dutela eta ikusi nahi dituztela adierazten dute. Hainbat emozio lantzen ari gara, hala nola, haserrea, suminkortasuna, bakardadea, asperdura, frustrazioa, haserrea, tristura, etsipena eta familiekiko kezka. Aurrekoak ez bezalako hondamendia da momentu honetan bizitzen ari garen egoera. Izan ere, isolamenduak eragotzi egiten du familia zabalak adin txikikoak babestea, zailtasun handiak eman diren egoeretan egin izan den bezala.

Nahiz eta etxetik ez ateratzeko agindua indarrean egon, badaude etxetik ateratzea justifikatzen duten egoerak. Adibidez, jende asko lanera joaten da egunero. Uste duzue legeak onartu beharko lukeela harrera etxeko haurrak euren gurasoekin elkartzea ere? 

Jakin badakigu umeentzat onurragarria izango litzatekeela familiartekoak ikustea, baina egoera honetan arriskutsua izan daitekeela uste dugu, kutsatzeak gerta daitezkelako. Azpeitiko harrera etxean lagun asko bizi gara, beraz, kanpoaldearekin ahalik eta harreman gutxien izaten saiatu behar dugu, kutsatzeak saihesteko. Traumek arrasto sakonagoa uzten dute haurtzaroan. Hori ari da gertatzen orain mundu mailan. Inoiz ez da horrelakorik gertatu. Trantze hori pasatzeko, ezinbestekoa da hiru eremu elikatzea. Lehenik eta behin, segurtasunean eta egonkotasunean oinarritutako ikuspuntua ezarri behar da; horretarako, errutina berriak sortu, errespetatu eta partekatu behar dira. Bigarrenik, senideekin, irakasleekin, lagunekin, eta abarrekin duten partaidetza sentimendua sustatu behar da. Zenbat eta hurbilago sentitu entzuten, ulertzen eta laguntzen dieten pertsonak, orduan eta gihar emozional gehiago izango dute normaltasunaren etenaldi honen aurrean.

Oker ez banago, haur horiek harrera etxean daude beraien familiako egoera aldatu, hobetu edo egonkortu bitartean, eta helburua da berriz beren gurasoekin itzultzea. Egoera honek prozesu horiek guztiak motelduko edo luzatuko dituela uste duzue? Zeintzuk izan daitezke ondorioak?

Gaur egun, alarma-egoeraren ondorioz, familia bateratzeko edo familian hartzeko edozein prozesu geldituta dago, baina kontuan hartu behar da familia bakoitzak eta ume bakoitzak beren prozesua dutela eta prozesuaren barruan jarraitzen dutela. Egia da prozesu horiek gelditu egin direla; oro har, gizarte harreman guztiak gelditu dira, eta hori geldialdi horren ondorioa da. Baina taldean eta sarean lan egiten jarraitzen dugu, kasu bakoitzean esku hartzen duten eragile guztiekin elkarlanean.

Geroz eta jende gehiago ari da eskatzen haurrei denbora jakin batez etxetik ateratzea baimentzeko. Zuei ere beharrezkoa iruditzen zaizue?

Etxetik ateratzea ondo etorriko litzaiekeela uste dut; azken batean, kalera atera, jolastu eta sozializatu behar duten haurrak dira, itxita dagoelako adin txikikoen sozializazio-eremu nagusia (ikastetxea) eta itxialdia luze doalako. Badakigu egoera honek jokabide alterazioak eta bizikidetzako arazoak eragin ditzakela, isolamendua partekatzen duten pertsonekin (kideekin eta hezitzaile-taldearekin) dituzten harremanetan. Egia da kontu handia izan beharko genukela, lagun asko bizi baikara etxean, baina esan dutenez, hilaren 27tik aurrera haurrek pixka batean irteteko aukera izango dute, eta uste dut horrek euren ongizatean eragin onuragarria izango duela.