Koronabirusa Azpeitian

Hasi dira San Martin egoitzako langileei koronabirusaren proba egiten

Uztarria.eus 2020ko api. 21a, 15:14
Suhiltzaileak aritu izan dira egoitza desinfektatzen.

Langileei gaur egin dizkiete lehen testak Zumarragako ospitalean, eta ostirala bitartean behargin guztiei gauzatuko diete proba. Egoiliarrei, berriz, bihar eta etzi egingo dizkiete probak San Martin egoitzan bertan. Gipuzkoako hainbat egoitza gogor kolpatu ditu COVID-19 gaitzak, baina Azpeitikoan ez dute kasurik atzeman orain arte.

Asteetan zain izan ostean, gaur, asteartea, hasi da Osakidetza San Martin egoitzako langileei koronabirusaren proba egiten. Langileetako batzuk gaur joan dira Zumarragako ospitalera; izan ere, han egingo dizkiete behargin denei probak ostirala bitartean. Egoiliarrei, berriz, bihar eta etzi gauzatuko dizkiete testak egoitzan bertan.

COVID-19 gaitzak eragindako krisia hasi zenetik, egoitza ugaritan atzeman dituzte koronabirus kasuak, eta Gipuzkoa ez da salbuespena izan. Dena den, San Martin egoitzara ez da iritsi koronabirusa orain arte. Gipuzkoako suhiltzaileak egoitzetan egon daitezkeen koronabirus fokoak direla eta, egoitzak desinfektatzen ari dira azken asteetan.