Koronabirusa Azpeitian

Ikasleei eskolak Internet bidez jarraitzeko baliabideak egokitu dizkiete

Uztarria.eus 2020ko api. 21a, 14:24

Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean, Interneterako sarbidea eta baliabide teknologikoak bermatu dizkiete Haur Hezkuntza eta Batxilergo arteko hainbat ikasleri. Udalak azaldu duenez, 25 familiari ezarri diote Interneterako sarbidea, Izarkom kooperatibak eskainitako SIM txartelen bidez. Dena den, oraindik ere ikasketekin jarraitzeko gabeziak dituzten herritarrek badute arazoari irtenbidea emateko aukera, ikastetxeetako zuzendariekin harremanetan jarrita.

Martxoaren erditik itxita dira herriko ikastetxe guztiak, eta ikasleak Internet bidez ari dira eskolak jasotzen. Alarma egoera tarteko konfinamendua ezarri zuen martxoaren 15ean Espainiako Gobernuak, eta egoerara moldatu behar izan dute hainbat familiak, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleek eskolak jarraitzeko baliabideak izan ditzaten. Bide horretan, udalak ere jarri du bere alea: erakundeak azaldu duenez, herriko 25 familiari ezarri dio Interneterako sarbidea, SIM txartelen bidez. Gainera, eskolak jarraitzeko beharrezkoak diren gailu teknologikoen beharrari ikastetxeek zituzten baliabideekin erantzun diotela adierazi du udalak.

Dena den, ikasketekin jarraitzeko gabeziak dituzten herritarrek badute arazoari irtenbidea emateko aukera. Udalak azaldu duenez, horiek ikastetxeetako zuzendariekin harremanetan jarri beharko dute harremanetan, egoerari aurre egiteko. Interneterako sarbidea ahalbidetzen duten SIM txartelak Izarkom telekomunikazio kooperatibari erosi dizkio erakundeak; izan ere, koronabirusak sortutako krisiaren aurrean, ikasleen beharrei erantzuteko txartel berezi horiek jarri ditu eskuragarri kooperatibak.

Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburuak azaldu duenez, gaur-gaurkoz herriko ikasle guztiek dituzte ikasturtearekin jarraitzeko beharrezkoak diren gailuak eta Interneterako sarbidea. "Esparru digitaleko gabezia, oro har, gabezia ekonomikoa da, eta zailtasun ekonomikoak dituzten familiek eta haurrek sufritzen arlo horretan ere dute gehien. Horregatik, garbi dugu ahalegin guztia egin behar dugula haur bakar bat ere ez dadin atzean gelditu, eta egoera ekonomikoa ez dadin muga izan eskolak jarraitu ahal izateko eta aurrera egiteko". Herriko ikastetxeetako zuzendariek ere ildo beretik hitz egin dute, eta haien arabera, "ezinbestekoa" da familia guztiei Interneterako sarbidea bermatzea.

Egoerara egokitzen

Ikastetxeek ahalik eta azkarren egokitu behar izan dute COVID-19 gaitzak sortutako egoerara, eta denentzat berria izan da ezarri den ikas metodologia. Eta horretan bat datoz Ikasberri Ikastolako, Iraurgi Ikastetxeko, Karmelo Etxegarai Ikastolako eta Urola Ikastola BHIko zuzendariak. Ikasberriko zuzendari Arantxa Bidezabalek dioenez, lehentasuna ikasle guztiekin harreman egokia bermatzeko baliabideak, egitura eta dinamika antolatzea izan zen: "Momentu honetan, berriz ikasleen jarraipena eta ikasturtearen bukaera antolatzea da helburua". Miren Zubizarreta Urola Ikastola BHIko zuzendariak adierazi du, "IKTetan emandako aurrerapausoak" tarteko, ez zaiela "hain zaila" egin egoera berrira moldatzea; izan ere, digitalizazioa ikasteko metodologiaren egunerokotasunean txertatuta dutela azaldu du hark.

Badira urte batzuk Iraurgi Ikastetxean ere teknologia berrietan "trebatzen eta inbertitzen" eta horiek egunerokatasun pedagogikoan txertatzen ari direla, Aitor Cordoba zuzendariaren arabera, teknologiak XXI. mendean "oztopoak gainditzeko" balioko zuela sinetsita. Karmelo Etxegarai Ikastolan, berriz, hasieran telematikoki nahiz paperaren gainean hasi ziren lanean. Hala dio Camino Saiz zuzendariak: "Hasieran, etxekolan proposamenak telematikoki zein paper formatuan bidali genizkien ikasleei, errealitate desberdin ugari baiditugu kudeatzeko. Orain, baina, telematikoki jarraitzen dugu lanean".

Zuzendari guztiek "kezka" dute ikasturte bukaeraren gainean dagoen ziurgabetasunak eta etxetik atera gabe egoteak ikasleengan sor ditzakeen egoera emozionalei dagokienez. Horie dela eta, ikasleak nahiz horien familiak nola dauden jakiteko "ahalegin berezia" egiten ari direla azpimarratu dute ikastetxeetako ordezkariek. Bidezabalek esan duenez, ikasturte bukaeraren inguruko ziurgabetasuna da "gehien kezkatzen" dituena. "Hezkuntza arduradunen epe eta mezu garbiak izan nahi genituzke ikasturte bukaera ikasleentzat ahalik eta eraginkorren eta egokien antolatu ahal izateko". Zubizarretaren aburuz, egoera "berezi" honetan alde akademikoa eta familien ongizatea alde dira garrantzitsuenak. Cordobak, berriz, teknologia berrien garrantzia nabarmendu du: "Teknologia berrien erabilera garrantzitsua izaten ari da ikasleekin aurrez aurre hitz egiteko eta hitzez adierazi ezin diguten hori begiradan antzemateko". Saizek, kezkak kezka, aukerak ere ikusten ditu ezohiko egoera honetan: "Aukera bikaina dugu ikasteko eta hobetzeko".