Koronabirusa Azpeitian

Joxe Arzallus: "Bi egunetik behin baratzera lanera joateko baimena eman digute"

Uztarria.eus 2020ko api. 19a, 11:15

Azpeitiko baratze parkeko erabiltzailea da Joxe Arzallus. Otzakako gunean du baratzea duela zazpi bat urtetik, eta gune hori kudeatzeko eta antolatzeko batzordearen arduraduna da gaur egun. Koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, baratzera lanera joatea galarazita izan dute azken asteetan. Duela egun gutxi, ordea, baratzeen erabileraren inguruko irizpideak aldatu egin ditu Eusko Jaurlaritzak, eta orain badute lanera joateko aukera, baldintza batzuekin. Horiei buruz hitz egin du Uztarriarekin.

Konfinamendua ezarri zutenetik, ez duzue baratzean lan egiteko aukerarik izan.

Hala da, bai. Baratzetik bizi diren profesionalek bazuten horretarako aukera, baina guk ez. Bageneukan baratzera joatea, baina zegoen generoa jasotzera eta gutxieneko mantentze lanak egitera bakarrik. Ez ziguten uzten bestelako lanik egiten; ez baratzea prestatzen, ez ezer ereiten.

Eta orain ereiten ez bada, gero jaso ezin…

Hori da kontua, oraintxe dela baratzeak prestatzeko eta udan jasotzen den uzta landatzeko garaia, eta orain egiten ez badugu, udan ez dugula jasotzeko ezer izango.

Berez, aire libreko jarduera da baratzekoa, eta itxura batera, ez dirudi segurtasun tarteak-eta mantetzeko arazo handirik egon behar duenik…

Gauza da gure baratzeak komunitarioak direla eta han ditugun azpiegiturak partekatu egiten ditugula. Nik uste, orain arte horregatik izan dutela horrenbeste erreparo. Otzakako gunean, alde batetik, materiala gordetzeko txabolak ditugu, baina bat birentzat, alegia, txabola bakoitza bi erabiltzailek erabiltzen dugula; eta bestetik, komun bat daukagu, erabiltzaile guztiontzat bera. Bestela, baratzetik baratzera badago nahikoa tarte eta horietan lanean ari garenean ez dago arazorik segurtasun tarteak-eta mantentzeko. Izarraizpeko gunean, berriz, txabola bakarra dute erabiltzaile guztientzat, eta hasiera batean haiei ez zieten uzten generoa jasotzera joaten ere. Orain bai, baina kontu handiz ibili beharra daukate, azpiegitura bera jende gehiagoren artean partekatzen dutelako.

Duela egun gutxi, ordea, Eusko Jaurlaritzak aldatu egin ditu baratzeen erabilerari buruzko irizpideak.

Bai, Eusko Jaurlaritzak apirilaren 15ean aldatu zituen irizpideak eta niri ostegunean jakinarazi zizkidaten udaleko ordezkariek. Izan ere, udal bakoitzak herriko egoerara egokitu behar izaten ditu irizpide horiek.

Eta zeintzuk dira aldaketa horiek? Orain zer egoeran zaudete?

Orain, baratzean lan egin dezakegu, baina baldintza batzuekin. Esate baterako, Otzakako gunean hirurogei baratze daude, bakoitza bere zenbakiarekin, eta egun batean zenbaki bakoitia duten baratzeetako erabiltzaileak joan daitezke lanera, eta hurrengo egunean zenbaki bikoitia dutenetakoak. Beraz, bi egunetik behin baratzera lanera etortzeko baimena eman digute. Horrez gain, baratze bakoitzean lagun bakarrak jardun al izango du lanean eta komuna erabiltzen dugun bakoitzean garbitu egin beharko dugu.

Nork zaintzen du arauak ondo betetzen dituzuela?

Ertzainak eta udaltzainak sarri joaten dira hara. Ostiralean zenbaki bakoitia dugunok izan genuen lanera joateko aukera eta goizean zehar bi aldiz behintzat joan ziren udaltzainak ondo ari ginela ziurtatzera.

Zergatik uste duzu Jaurlaritzak irizpideak aldatu dituela?

Herritarren presioagatik, ez baitu zentzurik baratzeak izan eta haietan lan egiteko aukerarik ez izateak, beti ere segurtasun tarteak-eta mantetzeko baldintzak dauden guneetan.

Hortaz, pozik egongo zara irizpide aldaketagatik, ezta?

Bai noski, gustura nago lanerako aukera eman digutelako, pena bailitzateke udan jasotzeko ezer ez izatea.