Koronabirusa Azpeitian

Beste egun batez, positibo berririk ez Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko api. 18a, 15:28

Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, azken orduetan ez dute koronabirus kasu berririk zenbatu Azpeitian. Urola Kostako datuei erreparatuz, Azkoitian eta Zumaian kasu berri bana atzeman dute, eta gainontzeko herrietan ez da aldaketarik izan.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kostan, baina haren abidura moteldu egin azken egunotan. Herenegun lau kasu berri zenbatu zituzten eskualdean, eta atzo bi kasu izan ziren; bata Zumaian eta bestea Azkoitian. Azpeitian, aldiz, ez dute kasu berririk zenbatu, eta eskualdeko beste herrietako positiboen kopuruek ere berdin jarraitzen dutela jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Guztira, 207 positibo zenbatu dituzte bailaran.

Honako hauek dira, herriz herri, kontaketak hasi zituztenetik positibo eman duten pertsonen kopuruak: 110 Zarautzen, 47 Zumaian, hamasei Orion, hamahiru Azkoitian, bederatzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.

Datuak lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 12.355 kasu zenbatu ditu Osakidetzak, atzo baino 266 gehiago. Atzoko egunez 2.999 test egin zituzten, eta horietatik, %8’8k eman zuten positibo; hau da, hamarretik batek baino gutxiagok eman zuen positibo proban. Guztira, 51.274 test egin dituzte pandemia hasi zenetik gaur arte. Nafarroan, 4.579 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, atzo baino 146 gehiago.

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.374 dira koronabirusaz hildakoak, atzo baino 44 gehiago. Izan ere, azken orduetan 28 pertsona gehiago hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 16 Nafarroan. Sendatu diren pazienteak, berriz, 954 dira Nafarroan eta 6.556 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.