Koronabirusa Azpeitian

Ane Goenaga: "Zure ama hizkuntza milaka kilometrotara irakastea oso berezia da"

Ane Goenaga Boiseko Ikastolako bere ikasleekin.

Joan zen abuzututik Boisen (Idaho, AEB) bizi da Ane Goenaga (Azpeitia, 1996). Boiseko Ikastolako irakaslea da Goenaga, eta COVID-19ak eraginda hark ere egoera berrira egokitu behar izan du.

Zer dela eta joan zinen Amerikako Estatu Batuetara?

Lehen Hezkuntzako gradua egiten ari nintzen Donostian, eta Atzerriko Hizkuntzako minorra amaitzen ari nintzen garaian, oso harreman ona nuen unibertsitateko irakasle batek Boiseko Ikastolan (Idaho, AEB) irakasle bila ari zirela azaldu zidan. Txikitatik izan dut Boiseko euskal diasporaren berri, nire ingeleseko irakasle izan zen Stephanie Thurman bertan jaio baitzen. Gogoan dut Euskal Telebistako albistegian Boiseko alkate ohia zen Dave Bieter euskaraz entzun nuela 2010eko Jaialdiaren inguruan, eta guzti horrek irrika handia sortzen zidan.

2018/2019 ikasturtean ez nuen Boiseko Ikastolan irakasle izateko postua aurreneko saiakeran lortu, eta beraz, beste beka baten bidez University of Idahora joan nintzen gaztelania irakastera. Bertan nengoela, Boise bisitatzeko aukera izan nuen behin baino gehiagotan, eta erabat maitemindu nintzen bertako euskal komunitatearekin. 90 pertsonak eman genuen izena 2019/2020 ikasturtean bertan lan egiteko, eta ni izan nintzen aukeratuetako bat, Iñigo Valencia lekeitarrarekin batera. Joan zen urteko San Inazio egunean iritsi ginen Boisera, eta bertan egongo gara lanean irailerarte.

Boisen euskal komunitate zabala bizi dela diozu.

AEBn euskaldun asko dago, eta gehienak Kalifornian bizi diren arren, Boiseko euskaldunak oso ezagunak dira, eta euskaldunen kontzentraziorik altuena bertan dago. 2018ko erroldaren arabera, 228.790 biztanle ditu hiriak, eta horietatik 15.000 biztanle inguru euskal amerikarrak dira.

Hiriaren erdian Basque Block deituriko kale bat dago, euskaldunen kalea. Bertan, euskal merkatua, euskal etxea, euskal museoa, Lekuona jatetxea, Gernika taberna eta frontoia daude. Astean zehar hainbat ekitaldi izaten dira bertan: astelehenero, Euskal Museoan helduentzako euskara klaseak izaten dira. Iñigo eta biok 27 ikasle ditugu, eta ilusio handiz etortzen dira horiek gure hizkuntza, kultura eta historiari buruz zerbait ikastera; hileko lehenengo ostegunetan, berriz, Amuma says no taldeak kontzertua eskeintzen du. Huntza, Nogen eta beste hainbat eta hainbat musika talderen abestiak abesten dituzte, eta asteburuetan euskal etxean ekitaldi desberdin asko daude. Horrez gain, Boise State University-k Basque Studies Program, euskal ikasketen minorra eskaintzen du, eta bertan ehunka ikaslek euskara eta euskal kulturaren altxorra ezagutzeko aukera dute.

Boiseko Ikastolan, gaur egun, 24 ikasle ditugu (3 urtetik 6 urtera bitartekoak). Familia batzuk euskal amerikarrak dira. Beste familia batzuek, aldiz, beste arrazoi batzuengatik ekartzen dituzten umeak gugana: hezkuntza elebidun bat jaso ahal izateko, Boiseko komunitate handi baten parte ahal izateko eta abar. Oso pozik nabil ikastolan lanean. Iñigo nire lankidearekin eta Sarah zuzendariarekin ikaragarrizko harremana egin dut, eta astean 50 orduz batera lan egiten dugun arren, elkarrekin bidaiatzen ibili izan gara hilabete guzti hauetan. Zure ama hizkuntza milaka kilometrotara irakastea oso berezia da, eta Boiseko euskal komunitatearen berotasunak ez du parekorik.

Denbora gutxian AEB koronabirusaren nazioarteko foku bilakatu da. Nola ikusten duzu egoera?

Egoera oso larria da AEBn, eta dagoeneko 27.000 pertsona inguru hil dira COVID-19 gaitzaren ondorioz [apirilak 15]. New York eta New Jersey estatuetako zenbakiak, adibidez, beldurgarriak dira. Martxoaren 16an Donald Trump presidenteak lasai egoteko esan zien amerikarrei, eta krisia laster pasatuko zela adierazi zuen hark. Bere agerpen gehienak lotsagarriak ari dira izaten, eta azken berrien arabera, Munduko Osasun Erakundeari (MOE) egiten dizkion finantzaketak bertan behera uztea erabaki du, haiei gaixotasuna ezkutatu izana leporatuz. Nire iritziz, horrelako pandemia batean MOE bezalako organismoei finantzazio iturriak mozteak ez du ez hankarik ez bururik.

Zein da COVID-19aren egoera Idahon?

Brad Little Idahoko gobernadoreak neurri arinak hartu ditu, eta etxean konfinatuta egotea gomendatzen duen arren, kalean kirola egitea onartzen dute. Oraingoz, Idahoko estatuan 1.453 kasu daude baieztatuta [apirilak 15] eta 33 pertsona hil dira guztira. Boise oso hiri zabala da, etxebizitza gehienak bakarka daudelako, lorategiz bananduta; beraz, oso erraza da jendea saihestea.

Jendea ari al da erakundeek eskatutako neurriak betetzen?

Jendeak etxean geratzeko agindua du, baina salbuespen batzuk ezarri dituzte, eta ondorioz, herritarrak supermerkatuetara, merkatuetara, farmazietara, garbitegietara edota banketxeetara joan daitezke. Horrez gain, kirola egiteko aukera dugu, eta orain arte kalean kirolik egiten ez zuten pertsona guztiak kalean dabiltza. Hasieran parkeetan taldeko kirolak egiten ere ikusi nuen jendea, baina egia esan, orain parkeak itxi dituzte eta jendea Greenbelt bidegorrira edota Foothills mendietara joan ohi da kirola egitera.

Eta zuk nola daramazu konfinamendua?

Kristina Franzoia eta Isana Urkidi euskal amerikarrekin bizi naiz. Isana erizaina da Boiseko ospitalean, eta etxean neurri ugari hartu ditugu; etxera iritsi orduko oinetakoak kentzen ditu, atea irekitzen diogu eta dutxara joaten da zuzenean. Bere arropak kontu handiz garbitzen ditu, eta etxea oso-oso garbi mantentzen ari gara.

Pertsonalki, ez naiz oso etxezalea, eta hasieran nahiko itota sentitu nintzen. Orain, aldiz, askoz hobeto daramat egunerokotasuna. Errutina bat zehaztea oso lagungarria izan da: goizero ikastolako haurrei deitzen diegu zoom plataformaren bitartez. Eguraldia, koloreak, sentimenduak eta abestiak birpasatzeko aukera polita izaten da, eta zuzendariarekin eta Iñigorekin haurrentzako proiektuak sortzen ibiltzen naiz. Ondoren, pixukideekin lorategian yoga pixka bat egin, irakurri eta Euskal Herriko familia eta lagunekin hitz egiten dut. Arratsaldean, aldiz, kirol pixka bat egin ohi dugu. Egunak oso azkar doaz zorionez!

Moldatzen al zara etxetik lan egiten?

Lehenengo astea berezia eta gogorra izan zen guztiontzat. 24 haur, bi irakasle eta zuzendari bat bideo-dei berean elkartu ginen. Orain aldiz, talde txikietan elkartzen gara, eta etxean eginiko proiektuak edota beraien jostailu kuttunenak aurkezteko aukera izan ohi dute ikasleek.

Egia esan ez da oso erraza Haur Hezkuntzan ordenagailu bitartez atzerriko hizkuntza bat irakastea; gure kasuan, euskara. Batetik, gurasoen inplikazioa beharrezkoa da ordenagailuak ibiltzeko; eta bestalde, guraso gehienek euskaraz ez jakiteak egoera zailtzen du.

Egoera ikusita pentsatu al zenuen Azpeitira bueltatzea?

Atzerrian bizi ziren azpeitiarrak bueltatzen ari zirela ikustean, gurasoek behin baino gehiagotan galdetu zidaten ea bueltatzeko asmorik banuen. Egoera ondo aztertu ostean, hemen geratzeko erabakia hartu genuen nire lankideak eta nik.

Etxekoen faltarik sumatzen al duzu?

Txinatik zetozten pertsonak AEBra sartzea debekatu zuen Trumpek urtarrilean, eta martxo amaieran gurasoak bisitan etortzear zeudela, erabaki bera hartu zuen Europatik zetozenekin. Bryce, Zion eta Yosemite parkeak ikusteko planak genituen, Las Vegasetik pasa eta San Frantziskon amaituz bidaia. Golpe latza izan zen hirurontzako, ilusio eta ordu asko pasa baikenituen bidaia antolatzen. Familia eta lagunak ongi ikusteak asko lasaitzen nau, baina irrikaz nago beraiek ikusteko eta besarkatzeko. Amonari ere Whatsapp bidezko deiak egiten dizkiot, eta inoiz baino gehiago ari gara elkarrekin hitz egiten.

AEBn osasungintza pribatua da nagusi. Jende askok ez du baliabiderik hori ordaintzeko.

Bueltatzeko asmorik ez dugun arren, gehien kezkatzen nauen gaia da osasungintzarena. Hemengo osasun sistema oso garestia da; mediku bat ikustea, gutxienez, 100$ inguru izan ohi da, eta espezialista bat ikustea, 300$ inguru; adibidez, odol analisi bat egin behar izanez gero, lasai asko ordaindu ditzakezu 700$, edota anbulantzian eramateko 1.700$. Osasun seguru etxeak %40 garestitu dira azken aldian, eta tentsioa nabaria da hemengoen artean.

Ez dirudi momentuz egoerak hobera egingo duenik AEBn. Hemendik aurrera zer gertatuko dela iruditzen zaizu?

Uneotan zalantza asko ditut osasun krisi honen ondorioen inguruan. Garbi dago krisi ekonomiko, sozial eta laboral handi bat jasango duela munduak. Desberdintasun ekonomikoa areagotu egingo da gizartean, eta sozialki belaunaldi berriak giza hauskortasunaz jabetuko direla uste dut. Baikortasun puntu batetik begiratuta, jendeak kalitatezko denborari garrantzi gehiago emango diolakoan nago. Konfinamendua hausnarketarako eta norberaren garapenerako pausa botoi bat bezala hartu beharko genuke, atseden hartu eta indarberritzeko, bakoitzak bere erritmora.

Azpeitira bueltatzerik aurreikusten al duzu?

Bai, irailean Azpeitira itzultzeko asmoa dut. Familiarekin eta lagunekin une goxoak igarotzeko irrikaz nago.

  

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide