Koronabirusa Azpeitian

Lapiko jotzea deitu dute, umeen itxialdia arintzea eskatzeko

Uztarria.eus 2020ko api. 15a, 18:43

Haurrak dira konfinamenduaren arauak zorrotzen betetzen ari direnak, eta horren aurrean, asko dira haien itxialdia arintzea eskatu duten gurasoak nahiz hezkuntza alorreko adituak. Umeei kalera ateratzeko baimena ematea eskatuz, egunero 18:00etan lapiko jotzea egingo dute.

Gero eta gehiago dira umeek kalera ateratzeko baimena izan behar dutela argudiatzen ari direnak. Izan ere, helduak erosketak egitera edo lanera joateko atera ohi dira etxetik, baina haurrek ez dute horretarako aukerarik; haiek dira konfinamenduaren arauak zorrotzen betetzen ari direnak. Dagoeneko hilabete daramate etxetik atera gabe, eta oraingoz, ez dakite noiz atera ahal izango diren kalera.

Egoera horren aurrean, hainbat gurasok eta hezkuntza alorreko adituk kezka agertu dute; haur batzuk ere ari dira beren kabuz kalera atera nahi dutela eskatzen. Gainera, hezkuntza alorreko hainbat adituk gutun bat bidali diote Espainiako Hezkuntza ministroari, neurriak lehenbailehen hartzeko eskatuz. Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak jarri du martxan egitasmoa, eta hezkuntza esparruko hainbat elkartek eta adituk bat egin dute.

Protestarako deialdia

Espainiako Gobernua umeen eskubideak eta beharrak existituko ez balira bezala jokatzen ari dela salatu dute zenbait herritarrek sare sozialetan, eta horregatik, umeen itxialdia arintzea eskatzeko, lapiko jotzea antolatu dute: herritarrak egunero 18:00etan lapikoak jotzera deitu dituzte. Eskaera bat egingo dute protestaren bidez: “Europako edozein herrialdetan bezala, haurrak kalera atera ahal izatea”. 

Izan ere, haurrak etxetik ez ateratzeko agindua ezarria dago Hego Euskal Herrian. Iparraldean, berriz, egunean ordubetez atera daitezke paseatzera, etxe inguruan betiere, eta heldu batek lagunduta. Europako beste herrialde batzuetan ere kalera ateratzeko baimena dute umeek, baldintza berberetan.