Koronabirusa Azpeitian

Arartekoak itxialdiko zarataren inguruan hainbat argibide eman ditu

Uztarria.eus 2020ko api. 15a, 18:22

Arartekoak auzoetatik etxeetara sartzen den zaratari buruzko hainbat azalpen eman ditu ohar baten bidez. Azaldu du "gatazkak" piztu direla herritarren artean, eta gehiegizko zarataren aurrean horretarako dauden legeak erabiltzeko eskatu du. Era berean, adierazi du udalena dela horretarako eskumena.

Arartekoak ohar bat kaleratu du itxialdi egunetan ohikoa bihurtu den kexa bati buruz: norbere etxean jasan beharreko zarata. Manuel Lezertua Arartekoak adierazi duenez, musika eta obrak dira herritarren kexa iturri nagusiak, baina hark azaldu duenez, herritar asko etxean ari dira lanean. Horri lotuta, adierazi du gatazkak ari direla pizten herritarren artean, batzuk musika gailuak "ozen" erabiltzen dituztelako, eta "eragozpenak" sortzen dizkietelako atseden hartu edo etxe barruan beren bizitza egin nahi duten auzotarrei.

Alarma egoerak hainbat oinarrizko eskubide mugatu dituela ere gogoratu du Arartekoak, hala nola mugitzeko askatasuna. Halere, nabarmendu du muga horiek ezin dutela eragin oinarrizko beste eskubide batzuez "baliatzeko". Bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea eta norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea aipatu ditu horien artean.

Auzotik etxera sartzen den zaratak eragozpenak sortzen baditu, "pertsonen bizi kalitatean" eragiten badu edota haien "nortasuna aske garatzea galarazi edo zaildu" badezakete, "norbere etxea bortxatzen" dela uste du Arartekoak. Halaber, gehiegizko mugak gainditzen dituzten zarata iturrien kontra herritarrak "eraginkortasunez" babestu behar direla dio, eta horretarako dauden legeak gogorarazi ditu.

Bestalde, adierazi du udalen eskumena dela eremu hori, eta udaltzaingoaren bitartez ikuska dezaketela udalek zarataren neurria. Gogoratu du parametro horiek gainditzea "arau-hauste administratiboa" izan daitekeela. Bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea "bereziki garrantzitsua" dela azpimarratu du Arartekoak, batez ere alarma egoera batean biztanleek etxean itxita egotea besterik ez dutenean.