Koronabirusa Azpeitian

Maixa Zabaleta: "Bizitza soziala faltan sumatzen dut, baina Euskal Herriko egoerarekin alderatuta, hemen ondo gaude"

Uztarria.eus 2020ko api. 15a, 18:57
Maixa Zabaleta, irlandan. (M. Zabaleta)

Joan zen azaroaz geroztik, Irlandan da Maixa Zabaleta (Azpeitia, 1992), eta han harrapatu du COVID-19aren krisiak. Enpresa bateko komunikazio departamentuan ari da lanean, eta orain, etxetik ari da bere zereginak betetzen. Zabaleta hango egoeraz eta berak dituen asmoez aritu da solasean Uztarria.eus-ekin.

Zer dela eta zaude gaur egun Irlandan? 

Global Trainingen beka bat eman zidatelako etorri nintzen Irlandara. Letterkenny herrian nago gaur egun, Donegaleko konderrian (Irlanda), Derry hiritik gertu. 

Zein da horko egoera? Zein neurri hartu ditu gobernuak? 

Hemen, Donegalen, egoera nahiko ona da. Irlandan 10.000  koronabirus kasutik gora zenbatu dituzte, eta 365 inguru dira hildakoak. Irlandako egoera ez da Euskal Herrikoa bezain txarra. Martxoaren erdialdean itxi zituzten aurreneko eskolak, baita unibertsitateak ere. Tabernak, aldiz, San Patrizio egunaren [martxoak 17] atarian itxi zituzten, eta handik gutxira ezarri zuten lockdown deitzen dioten egoera, Euskal Herrian konfinamendua dena. Beraz, dena itxita dago, botikak eta elikagaien saltokiak, salbu. Hala ere, hemen irten gaitezke kalera. Etxetik bi kilometroko erradioan atera gaitezke, eta hori ondo dago, aire freskoa hartzeko eta lagunekin pixka bat egoteko aukera ematen baitu.

Hara joan zinen garaian ezin imajina zitekeen zer etorriko zen. Denbora gutxian goitik behera aldatu da dena. Nola eragin du COVID-19aren krisiak zure bizitzan?

Azaro amaieran iritsi nintzen hona, eta ordutik, zenbait hilabetez, ohiko bizitza egin dut, normaltasunez bizi izan naiz. Bulegoan egiten dut lan, eta orain etxetik ari naiz lanean. Faltan sumatzen dut lankideekin egotea, orain etxean denbora asko igarotzen baitut. Hala ere, saiatzen naiz buelta batzuk ematera irteten. Izan ere, hemen kalera atera gaitezke. Poliziek nahiko jarrera ona erakutsi dute orain arte, eta nahiko malgu ari dira portatzen. Bizitza soziala faltan sumatzen dut, baina Euskal Herriko egoerarekin alderatuta, hemen ondo gaude. Neurriak hartuta, jendearekin egon gaitezke.  

Pentsatu al zenuen Azpeitira itzultzerik?

Etxera itzultzeko aukera eman zidaten, baina hemen gelditzea erabaki nuen. Izan ere, hemen Euskal Herrian baino hobea da egoera. Esaterako, kalera atera naiteke. Irlandan gelditzea erabaki dut, horra itzulita ez nuelako ezer irabaziko. 

Nola daramazu lockdown egoera?

Jendearekin egotea da faltan gehien sumatzen dudana. Etxetik egiten dut lan, eta hori kostatzen ari zait. Izan ere, lanean beti zaude jendearekin harremanetan. Dena den, kalera atera gaitezke, eta horrek asko laguntzen du egoera arintzen. 

Zein izan da horko jendearen erreakzioa? Nola darama jendeak salbuespen egoera?

Aste Santua-eta izanik, polizia gehiago dabiltza kalean, baina jendea asko ari da errespetatzen ezarri dituzten neurriak. Esaterako, saltokiek ordutegi zehatza jarri dute adineko pertsonentzat, eta 65 urtetik gorakoek 07:00etatik 09:00etara bitartean egin ditzakete erosketak. Jendeak zorrotz errespetatzen du hori. 

COVID-19aren krisiak gogor kolpatuko zuen Irlandako ekonomia ere. Hirugarren sektorean tabernak eta garagardotegiak dira Irlandako ekonomiaren motor indartsuenetako bat. Itxita daude orain.

Irlandako kulturaren parte da garagardo bat hartzera joatea eta zuzeneko musika emanaldiez gozatzea. Orain, tabernak itxita daude, baina badakit zenbait taberna sare sozialen bitartez ari direla zuzeneko musika emanaldiak eskaintzen. Nik pentsatzen dut San Patrizio egunean tabernak itxi izanak gogor kolpatu zituela zenbait gune, egun hori oso garrantzitsua baita hemen. Orain, jendeak etxean edaten ditu Guiness-ak. 

Ba al duzu Azpeitiko egoeraren berri? 

Azpeitiko berri jarraitzen dut. Familiarekin eta lagunekin hitz egiten dut, Whatsapp-ez edo bideo-deiak eginda. Uztarrian edo Hitzan ere jarraitzen dut horko berri, eta begiratzen dut zer gertatzen den Azpeitia inguruan. 

Etxera itzultzeko asmorik bai?

Global Training beka amaitu ostean itzultzeko asmoa nuen, baina lanean ari naizen enpresak kontratua luzatu dit, eta printzipioz, abuztu amaierara arte hemen izango naiz.