Koronabirusa Azpeitian

Beste egun bat baieztatutako zortzi koronabirus kasurekin

Uztarria.eus 2020ko api. 11a, 15:35

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Azpeitian ez dute koronabirus kasu berririk zenbatu azken 24 orduetan. Guztira, 179 pertsonak eman dute positibo Urola Kostako herrietan. 

Pixkanaka, baina gorantz jarraitzen du COVID-19 gaitzak kutsatutako herritarren kopuruak Urola Kosta eskualdean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian eman dituen datuen arabera, beste lau koronabirus kasu atzeman dituzte eskualdean: hiru Zarautzen eta beste bat Zumaian. Eskualdeko beste herrietan ez dute beste kasurik zenbatu azken 24 orduetan.

Azken datu horiek zenbatuta, eta kontaketak hasi zirenetik, 98 lagunek eman dute positibo koronabirusaren proban Zarautzen, eta 38k Zumaian. Hamalau dira Orion zenbatutako kasuak, hamar Azkoitian eta zortzi Azpeitian; hiruna Aian, Getarian eta Zestoan; eta bi Aizarnazabalen. Beizama eta Errezil dira koronabirus kasurik gabeko eskualdeko herri bakarrak.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik. 

Lurraldekako datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 10.515 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 412 gehiago. Guztira, 765 pertsona hil dira hiru lurralde horietan. Atzo, 36 pertsona zendu ziren. Gaitza gainditu duten pertsonak ere badira lurralde horietan: 4.021 alta eman ditu Osakidetzak.

Nafarroan, berriz, 3.817 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak eta 227 hildakoak. Hala, azken 24 orduetan, 69 positibo berri eta bederatzi hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Guztira, 603 pertsonak hartu dute alta lurralde horretan.