Koronabirusa Azpeitian

Animoari eustea irakasgairik zailena

Uztarria.eus 2020ko api. 11a, 17:30

Irakasleei ere mundua goitik behera irauli zaie koronabirusak eragindako krisi sasoi honetan. Martxoaren 12an itxi zituzten ikastetxeak, eta ordutik ikasleekin nahiz gainontzeko irakasleekin aurrez aurreko hartu-emanik izan gabe ari dira lanean. Maite Bikendik, Naroa Sorazuk eta Aintzane Garmendiak beren esperientzia azaldu dute. 

Maite Bikendi: "Gu ondo bagaude, haurrak ere hala egongo dira"

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzako irakaslea da Maite Bikendi (Azpeitia, 1982). 2019-2020 ikasturtean, 2 urteko haurrekin aritzen da, laguntzaile lanetan. Haur Hezkuntzako koordinatzailea ere bada ikasturte honetan.

Koronabirusa dela eta, itxita daude ikastetxeak. Nola eragin du horrek zure eguneroko lanean?

Zuzendaritzatik abisua nola eman ziguten gogoratzen naiz: ostiralean umeak ez zirela ikastolara joango esan ziguten. Orduan irakasleok zer egingo genuen pentsatzen hasi ginen. Ostiralean ikastolan bildu eta txukunketa lanetan hasi ginen, garbitzen… Plangintza bat ere egin genuen, eta astelehenetik aurrera bestelako gaiei helduko geniela adostu. Umeak oso presente genituen, baina ez genekien dena nola joango zen, eta zalantza asko genituen: ez genekien proposamenak bidali, nolakoak bidali… Asteburuan, ordea, bestelako albisteak iritsi ziren, eta etxetik lan egin behar genuela jakinarazi ziguten. Orduan hasi zen irakasle taldearen whatsapp taldea dantzan. Ikasleen etxeetara iritsi nahi genuen, gertu sentitu behar gintuztela argi genuen, baina ez genituen agobiatu nahi. 

Etxetik lan egitea oso zaila da, eta hau dena modu egoki batean koordinatzea, are zailagoa. Lana errazte aldera, askotan bideo deiak egiten ditugu irakasleok. Gainera, zerbait erabaki behar bada eta denon artean hitz egitea zaila izango dela ikusten badugu, mailako arduradun bat izendatu eta landu beharreko ildo nagusiak zehazten ditugu. Ikasturtea ez da amaitu eta oraindik, lan asko dago egiteko, eta hurrengo ikasturtea ere ate joka dator. Etxetik lan egitean gauza asko uztartu behar dira: familia, etxea… Horrek antolaketa eskatzen du, eta antolatu arren ere ez dira gauzak norberak nahi bezala ateratzen. Egun guztia ordenagailuari eta mugikorrari lotuta gaudenaren sentsazioa dugu orokorrean.

Ikasleei etxean egiteko proposamenak bidaltzen al dizkiezu?

Hasieran, proposamen orokor batzuk bidali genituen Haur Hezkuntzako etapa osora. Baina egun gutxi batzuk barru, ikusi genuen hori ez zela nahikoa, zerbait gehiago egin behar genuela; ordutik, astero proposamen desberdinak helarazten ditugu etxeetara. Ikastolan gaudenean umeak mugimendu autonomoan aritzen dira; hau da, beraiek aukeratzen dute zein ekosistematara joan nahi duten, norekin joan nahi duten, zer egitera joan nahi duten. Etxean hori ezingo dute egin, baina aukera ezberdinak dituzte gure proposamenak tarteko. Etxean egiteko moduko gauzak izan daitezen ahalegintzen gara; badakigu etxe guztietako errealitatea ere ez dela berdina, eta hori ere kontuan izaten dugu. Dena den, guk proposamenak bidaltzeak ez du esan nahi derrigorrean egin behar dituztenik; bakoitza libre da egin edo ez egin erabakitzeko. Gaur egun, familietan baliabide desberdinak daude, eta zenbaitek horien beharrik ere ez du izango. Gainera, kontuan izan behar dugu Haur Hezkuntza ez dela derrigorrezko etapa bat. Bestalde, familiekin zuzeneko harremana dugu helbide elektronikoaren edo telefonoaren bidez. Proposamenez gain, gure bideoak ere bidaltzen dizkiegu ipuinak kontatzen, errezeta bat edo esperimentu bat egiten… Horrela etxe horietan gertuago sentitzen gaituzte.

Aurrez aurreko hartu-emanean umeekin lortzen diren helburu berberak lortu al daitezke distantziara?
Ikasturteko plangintza hor dago, baina etxetik oso zaila da hori guztia lortzea. Ikasleek gauza asko lortuko dituzte etxean dauden denbora honetan, ez dut zalantzarik egiten, baina errealitate desberdinak daude. Irakasleok etxetik lanean ari garen bezala, beste familia askotako kideak ere horrela ari dira, eta dena uztartzea zaila izaten da askotan. Etapa honetan, autononomian aurrerapen nabarmenak egiten dituzte haurrek, eta hori etxean ere lor dezakete; baina, esaterako, beste ikaskideekin elkarrekintzan lortzen dutena ez dute garatuko. Ez dut zalantzarik egiten adinean gora doazenek zailtasun gehiago izango dituztela.

Zer egiten zaizu zailena egoera honetan?

Dena da zaila. Aurrera eraman nahiko zenituzkeen gauza pila bat dituzu buruan, baina egoera honetan, ezinezkoak dira. Gure kasuan, irakasle taldea bateratua eta lanean orain artean bezala motibatuta aritzea da helburu nagusiena. Gu ondo bagaude, gure ikasleek ere atzemango dute hori, nahiz eta aurrez aurreko harremana ez izan. Lan asko ari gara egiten irakasleok, eta hemendik aurrera ere horrela jarraitu beharko dugula iruditzen zait. Oraindik asko falta zaigu ikasturtea amaitzeko, eta indarrarekin heldu behar diogu azken txanpa honi. Oraindik ezjakitasun asko dugu etorriko denaren inguruan, eta itxaropentsu eta indartsu egon behar dugu, ikasle nahiz familiekin hartu-emanetan jarraitzeko.

Ikasleen berririk ba al duzu? Nola ari dira moldatzen egoera berrira?

Ikasle talde finkorik ez dut aurten, baina esan didatenaren arabera, ikasleak orokorrean ondo dabiltza. Egia da hiru aste pasatu direla konfinamendua hasi zenetik, eta beraiek ere, guk bezalaxe, gorabeherak izan dituztela eta izango dituztela. Baina etxekoen zeregina da ahalik eta lasaien hartzea guztia, batzuetan ez izan arren erraza; neu ere ama naiz eta...

Adin oso txikia duten haurren irakaslea zara. Zer egin dezakete halako haurrek etxean denbora arinago pasatzeko?

Eguna luze egiten da, eta umeak entzun egin behar ditugu: zer sentitzen duten… Egun guztiak ez dira berdinak izango, eta une oro ez ditugu zertan izan haurrak okupatuta. Beraien gustukoak diren gauzak ere egin behar dituzte: ondo dago errutinak markatzea, baina dantza eginez, musika entzunez, mozorrotuz… gozatzen baldin badute, denbora azkarrago pasatuko zaie. Egia esan, adin horietako ikasleak guk uste baino errazago entretenitzen dira. Hori bai, momentuak izango dituzte, eta etxekoak gertu sentitzea eta lasai ikustea da garrantzitsuena. Gu ondo bagaude, beraiek ere ondo egongo dira.

Naroa Sorazu: "Etxe askotan baliabide teknologikoak falta zirela ohartu ginen"

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko irakaslea da Naroa Sorazu (Azpeitia, 1993). LHko bosgarren mailako tutorea izateaz gain, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetan ingelesa irakasten du.

Nola eragin du eskolak itxi izanak zure eguneroko lanean?

Uste baino lehenago iritsi zen itxieraren berria. Lehen egunetan, nahiz eta ikasleak etxean gelditu, irakasle taldea ikastolatik jardun ginen lanean. Egun gutxi horiek antolaketa lanetarako eta ikas-materiala prestatzeko baliatu genituen gehienbat. Hala ere, zoritxarrez, segituan jaso genuen oharra etxetik lan egin behar genuela esanez; beraz, motxila materialez bete eta ordenagailuak hartu genituen. Egun hartatik aurrera, lantoki bihurtu zitzaidan nire etxea.

Egunerokotasuna ahalik eta ondoen eman eta lanari ahalik eta etekin gehien atera ahal izateko ordutegi bat finkatu dugu. Astean zehar, goizez, irakasleok bilerak egiten ditugu bideo deien bitartez. Horrez gain, ikasleekin ere saiatzen gara egunero hartu-emanak indartzen bide desberdinak erabiliz: batzuetan, mezu elektroniko bidez izaten dugu harremana, eta beste batzuetan, berriz, bideo deiak egiten ditugu. Gurasoek ere izaten dituzte zalantza edota kezkak, eta horiei erantzuteko ere hartzen dugu abagunea egunero.

Etxean ez ditugu ikastolan ditugun baliabideak, eta horrek lana asko zailtzen digula esan daiteke. Bilerak edota saioak bideo deien bitartez egiten ditugunean ere, sarritan talde handia izaten gara, eta horiek ongi bideratzeko lasaitasuna eta antolaketa ezinbestekoak izaten dira. Aurrez aurreko saioekin alderatuta, nekezagoak dira online egiten ditugun bilera eta saioak.

Ordenagailu bidez mantentzen duzue harremana ikasleekin. Zer zailtasun eragiten du horrek?

Zailtasunik handiena, beharbada, ezagutza falta izan da. Irakaskuntza aurrera eraman ahal izateko, hainbat aplikazio jarri ditugu martxan. Ikasleek aplikazio horiek apenas ezagutzen zituzten, eta guraso askorentzat ere erabat berriak ziren. Hori ikusirik, hainbat tutorial prestatu genituen. Horietan, pausoz pauso, aplikazio horien erabileraren nondik norakoak azaltzen saiatu ginen, eta egia esan, oso baliagarriak eta lagungarriak izan dira. Guk laguntza eskaini dugun arren, ezin da aipatu gabe utzi etxeetan ikasle eta gurasoek erakutsi duten ahalegina eta nahia.

Ikasle guztiek al dituzte egoera berrira egokitzeko beharrezko baliabideak?

Hasiera-hasieratik hori izan zen gure kezkarik handiena. Guk oso garbi dugu, irakasle gisa, ikasle ororengana iristea nahi dugula, guztiek baitute momentu honetan gure babesa eta laguntza jasotzeko eskubidea. Baina, era berean, ondotxo dakigu ikasle bakoitzaren atzean errealitate oso desberdina aurkitzen dela. Hori horrela, ikasleekin harremanetan jartzea erabaki genuen, izan zitzaketen beharrizan horiei ahalik eta erantzun egokiena eman ahal izateko. Beraiekin harremanetan jarri ostean, etxe askotan baliabide teknologikoak falta zirela ohartu ginen. Orduan, ikastolan genituen baliabideak antolatu eta familiei banatzeari ekin genion. Modu horretan, ikasle guztiek gure berri izateko eta irakaskuntza prozesua online jarraitzeko aukera izatea bermatu genuen.

Aurrez aurreko hartu emanean lortzen diren helburu berak lortu al daitezke distantziara?

Ez, inolaz ere ez. Baina gure ikasleak beste hainbat helburu eta konpetentzia lortzen ari direla uste dugu itxialdi honetan. Egoera honetan, inoiz baino gehiago, ikasleak enpatia, talde lana eta boluntariotzaren garrantziaz ohartzen ari dira. Horrez gain, egunero, komunikabideetatik jasotzen dituzten mezuen kudeaketa eta interpretazioa egiten ari dira, izaera kritikoa eratuz. Konfinamenduak jarririko oztopoak gainditzen ere ari dira modu autonomo eta ekintzailean, hala nola, lagunekin harremanak izateko modu berriak bilatuz edota lan egiteko erak eta estrategiak aldatuz.

Nola ikusten dituzu umeak? Animoari eusten al diote?

Egunaren eta pertsonaren arabera asko aldatzen da hori. Egunak aurrera doazen heinean, gero eta nekezagoa egiten ari zaie ikasle askori animoari eustea. Astelehenean, azken luzapenaren inguruan hitz egin genuenean, etsipena eta amorrua adierazten zituzten batzuek. Hala eta guztiz ere, beste ikasle askok eta askok egoerara ohitu direla eta primeran eramaten ari direla esaten dute. Hori bai, bideo deietan elkar animatzeko joera erakusten dute, eta egonaldi honetan egin ditzaketen proposamenak edota erronkak ere luzatzen dizkiete elkarri.

Irakasgaiak ikasteaz gain, egoera honek beste hainbat gauza ere irakatsiko dizkie haurrei. Zer mezu transmititzen saiatzen zara haiei?

Lasaitasuna eta gertutasuna helarazten saiatzen naiz, eta konfinamenduak ekarri dizkigun alderdi positibo horiei erreparatzen laguntzen diet ikasleei. Aspertzeak geure burua hobeto ezagutzera garamatzala esaten diet, baita irudimena eta izaera kritikoa garatzera ere. Egin dituzten artelan eta musika emanaldien kalitatean islatzen da hori, eginiko lan horiek lasaitasunaren eta denboraren adierazle baitira. Etxekoekin egoteko eta gozatzeko denbora hartzeko ere esaten diet; momentu eder asko ari dira bizitzen haiekin, eta hori haurrentzat ordainezina da.

Aintzane Garmendia: "Behar gehien dituzten ikasleen ingurukoa da egoera honetan dudan arantza handiena"

Iraurgi Ikastetxeko irakaslea da Aintzane Garmendia (Azpeitia, 1993). Historia eta geografia, geografia, kultura klasikoa eta prentsa tailerra ikasgaiak irakasten ditu. DBHko lehenengo mailatik hasi eta Batxilergoko bigarren mailara bitarteko ikasleekin aritzen da. 

Nola eragin dizu distantziara lan egin beharrak?

Ikasleekin aurrez aurre ez egote hutsak erabat aldatzen du lan egiteko modua, eta egun batetik bestera, ikastetxean dugun giza harreman sare ikaragarria (irakasle-ikasle artekoa, ikasle-ikasle artekoa, irakasle-irakasle artekoa ...) nolabait 'eten' egin zen. Pantailen atzean babestu beharrak nabarmen aldatu du nire eguneroko lana. Telelanak IKTen erabileran are gehiago trebatzeko aukera eman dit, baina zenbait unetan lana astun ere bilakatu da.

Zer sistemaren bidez ematen dituzu orain saioak? 

Google Classroom da ikastetxean materiala antolatzeko erabiltzen dugun plataforma, eta ikasgaiaren zein ikasleen arabera saioa egokitzen saiatu beharra dugu irakasleok. Esate baterako, DBHko hirugarren zein laugarren mailetan, historia eta geografia ikasgaiko edukiak azaltzeko, hainbat bideo tutorial sortu ditut. Modu horretan, bideoan liburu digitala ikustearekin batera, nire azalpen eta iruzkinak nahi beste alditan ikusteko aukera dute ikasleek. Horrez gain, Hangouts aplikazioa ere erabiltzen dugu, ikasleek zalantzarik edo gorabeherarik badute harreman zuzenagoa edukitzeko aukera ematen baitu txat bidez edota bideo deiak eginez. Aste Santuaren ondoren, berriz, ikasle talde bakoitzarekin zehaztutako ordutegi baten barruan, Hangouts Meet bidez informazioa elkartrukatuko dugu, eta horrek irakasleok ikasleekin dugun harremana are hurbilagoa izaten lagunduko duelakoan nago.

Aurrez aurreko sistemaren bidez lortu nahi zenituen helburuak lortzen ari al zara distantziara? Hala ez bada, zer hutsune nabaritzen duzu?

Egia esan, oro har, ona da ikasleek egoera berri honetan ikasgaiarekiko egindako jarraipena, eta jarritako helburuetatik hurbil kokatuta ikusten dut nire burua. Adibidez, bideo tutorialen bidez aurrez aurrekoen antzerako saioak eman daitezke, eta gainera, ikasleek azalpen bera behin eta berriz ikusteko aukera dute. Bestalde, nire iritziz, entregatutako bakarkako lanen kasuan zaila da irakasleontzat lanaren balioa bermatzea. Ikasleek ikastetxean bertan egin eta entregatutako jardueretan zuzenean egin daiteke ikaslearen jarraipena, egin duen eta eskatu zaionaren arteko gorabeherak aztertuta. Halaber, distantziara entregatutako lanean ez dago ziurtatzerik ikasleak berak egin duen, beste norbaiti kopiatu dion edota talde lan gisa osatu den ikasleen artean informazioa trukatuz.

Zer egiten zaizu zailena egoera honetan?

Egoera honetan dudan arantza handiena da behar gehien dituzten ikasleen egoeraren ingurukoa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikastetxeko ikasle guztiek dute ordenagailu bana, eta bertan liburu digitala, baina ez dago etxe guztietan ikasketen jarraipen bera egiterik. Ikasgelan euren jarraipena egiteko tresna gehiago ditugu irakasleok, eta aurrez aurreko tratuaz gain, jolasorduan edo bestelako uneren batean tarterik izaten dugu ideiak argitzeko. Egia esan, ikasle horiengana gerturatu eta lanean jarrai dezaten animatzea da zalantzarik gabe egoera honetan niretzat lanik zailena, baina zaila den heinean ez denez ezinezkoa, lanean segitu beharra dugu arantzak arinduz.

Batxilergoko ikasleek besteek baino egoera konplexuagoa dute eskolak itxi zirenetik. Izan ere, selektibitatea egin behar dute, eta irakasgaiak ondo barneratzea komeni zaie. Ondo prestatuta iritsiko direla uste al duzu selektibitatera?

Batxilergoko ikasleek, eta batez ere bigarren mailan daudenek, egundoko presioa dute datorren ikasturteari begira eurek nahi duten proiektua gauzatu dadin. Gainera, informazio ugari iristen zaigu egunero iturri desberdinetatik, eta horrek sortzen duen ezegonkortasunak eta kezkak ez du askorik laguntzen. Gehiengoa oso fin ari da lanean, eta horrela jarraituz gero, ez dut bidean aurrera kementsu egingo duten zalantzarik. Irakasleon partetik ere ahal dugun guztia ari gara egiten egoera berezi honetan, ikasleei baliabiderik falta ez dakien. Azken txanpa honetan, irakasgaiak ondo barneratzeaz gain, garrantzitsua izango da tenplea ere mantentzea, norbere buruan sinetsi eta taldearekin batera aurrera jarraitzea, denon artean lortuko dugu eta.