Egunean Behin

Arritxu Zelaia: "Euskaldunon pribilegio txiki bat dela sentitzen dut Egunean Behin jokoa"

Uztarria.eus 2020ko api. 7a, 19:30

Azpeitiar batek baino gehiagok jokatuko du bihar Egunean Behin jokoaren hirugarren denboraldiko finala. Horietako bat da Arritxu Zelaia (Azpeitia, 1972); egun, Ean (Bizkaia) bizi da. Haren lehen finala izango da biharkoa, estreinaldia, eta "ilusio handiarekin" dago.

Espero al zenuen finalera iristerik?

Ez. Beno, txukun samar aritu izan naiz; inguruko taldeetan-eta aurre samarrean egon izan naiz, baina aste gorabeheratsuak izan ditut. Batzuetan hobeto, eta besteetan gaizkiago joan izan zaizkit partidak. Oraingo honetan, denboraldiko lau partida onenak hartu dituzte kontuan sailkapenerako; horien batura da puntuazioa. Puntuazio horrekin osatu dute denboraldiko sailkapena, eta 49. postuan gelditu naiz.

Hirugarren denboraldiko lehen ehun sailkatuek, apirilaren 5ean jokatutako partidako ehun onenek, eta zozketa bidez egokitutako beste ehunek jokatuko dute finala; guztira, 300 lagunek. Zaila izango al da aurreko postuetan amaitzea?

Bai. Azken astean, adibidez, oso gorabeheratsu ibili naiz, nahikoa aldrebes. Hor badaude makina bat oso onak direnak eta beti goi-goian ibiltzen direnak. Baina beno, finalera iristeak soilik ilusio handia egiten dit.

Beste finalen batera iritsi al zara?

Ez. Ean bertan ere egin ditugu gure sailkapenak, eta irabazi nuen pizzaren bat edo. Baina beste finalik ez dut jokatu.

Gustuko al duzu jokoak sortzen duen saltsa?

Bai, bai. Ez dakit zenbat talde sortu ditudan inguruan, eta bastante engantxatuta nago, bai.

Uztarriako taldeko saria ere irabazi zenuen duela aste batzuk.

Oraindik jasotzeko daukat saria. Koronabirusaren kontu honekin, ez dut aukerarik izan gosariaz gozatzeko, baina hau dena bukatzean aprobetxatuko dugu. Beste leku batean bazkaria ere irabazi dut.

Ari zara konfinamendua bukatzen denerako sariak pilatzen, beraz.

Bai [barreak].

Zein da jokoan ondo ibiltzeko sekretua?

Ez daukat trikimailurik. Batzuetan pentsatzen dut: A zer suertea! Eta hurrena, berriz: Nola ez dut asmatu hau? Batzuetan hirukiak kontatzea ere kostatzen zait eta... Bateren batek, agian, izango du sekreturen bat, baina nik behintzat ez daukat.

Bereziki inteligentea izan behar al da Egunean Behineko finalera sailkatzeko?

Ez, ez [barreak]. Ni ez naiz irabazteko prestatzen sekula aritu, besteren batek agian egingo du baina... Ahalik eta ondoen eta azkarren egiten saiatzen naiz, besterik ez.

Zein dira galdera zailenak?

Matematikako eragiketak eta serieak dira nire amesgaiztoa.

Eta errazenak?

Errazenak ote diren ez dakit, baina euskal kulturari lotutako galderak gehiago asmatzen ditut. Eta herrien kokapenarekin-eta dezente ondo moldatzen naiz.

Zer ematen dizu jokoak?

Bizipoza ematen du Egunean Behineko partida jokatzeak. Gainera, jokoak ematen du aukera euskaratik eta euskaraz egindako gauza batekin nolabaiteko komunitate txiki batzuk sortzeko. Euskaldunon pribilegio txiki bat dela sentitzen dut jokoa.

Biharko finalarekin, denboraldia amaituko da. Pena ematen al dizu horrek?

Beno, atseden pixka bat ere ez da gaizki etortzen. Gero berriro gogotsu hartuko dugu jokoa; bestela, gauzek etenik ez baldin badute, batzuetan nekea ere sortzen dute. Aurrez etenik egon izan ez balitz, agian aspertzen hasita egongo ginatekeen.