Oasia ahalduntzen

Uemaren iazko udalekuetako irudi bat. (Uema)

Uemak udalerri euskaldunetako gazteentzat udalekuak antolatu ditu. Izen-emate epea gaur bukatuko da. Arnasguneak ahalduntzea da xedea. Julene Frantzesena kazetariak udalekuen gainean egindako erreportaje hau irakur daiteke 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian.

Asko dira uda sasoian udalekuetara edo oporraldia pasatzera kanpora joaten diren gaztetxoak eta nerabeak. Askotarikoa da gaur egungo aukera; izan ere, kirolari, hizkuntzari nahiz aisialdiari lotutako egonaldia egiteko aukera eskaintzen dute erakundeek nahiz enpresek. Euskal Udalekuetara joateko hautua egiten dute batzuek, Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatutakoetara joatekoa besteek, eta badira Euskal Herriko mugak zeharkatuta, oporraldia frantsesa nahiz ingelesa ikasteko baliatzen dutenak ere.

Badira euskarari estu lotuta antolatzen dituzten udalekuak ere. Hain zuzen ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) orain dela lau uda hasi zen hezkuntza ez arautuari lotutako eskaintza egiten. Uemak gaztetxoak udan ikastetxeetatik nahiz ikasgeletatik ateratzeko apustua egin zuen, erakundearen hezkuntza proiektua osagarritzeko. 2017ko udan Oriora asteburu pasa antolatu zuten, eta gaztetxoen eskariz, handik urtebetera Zestoako Sastarrainen pasatu zuten astea. Jokin Uranga (Azpeitia, 1980) Uemako hezkuntza arduraduna han izan zen: "Oso ondo pasatu genuen, helburuak bete genituen, baina... mundutik isolatuta egon ginela ohartu ginen".

Horri lotuta, iaz udaleku ibiltariak prestatzea erabaki zuten Uemako kideek: Usurbilen hasi eta Arantzan bukatu zuten egonaldia. "Bost eguneko udalekuak izan ziren, eta aurtengorako egun bat gehiagokoak antolatu ditugu", azaldu du Urangak. Zumaiatik Lekeitiora egingo dute topaketa aurten, ekainaren 29tik uztailaren 5era bitartean, hain zuzen. "Bost gau igaroko ditugu: Itziarren pasatuko dugu gau bat, Ondarroan bi eta Lekeition hiru".

Indartzeko eta elkartzeko

Udalekuak arnasguneetako bizilagun gaztetxoak elkartzeko aitzakia baino ez dira. Izan ere, Uemaren helburua da gazteek egunero euskaraz egitea posible den herriak badirela ikustea. "Udalerri euskaldunak oasi txikiak dira, eta udalekuetara etortzen diren lagunek beren herrian ez ezik beste batzuetan ere egunero euskaraz hitz egiten dela ikustea eta barneratzea nahi dugu", azaldu du Uemako hezkuntza arduradunak.

Urangaren aburuz, euskaraz bizi diren herriak bat baino gehiago direla ikusarazteaz gain, arnasguneetako bizilagunak, batez ere nerabeak, "indartzeko eta ahalduntzeko" balio dute Uemaren topaketek. "Euskal Herria euskaldunduko badugu, arnasgune diren herriei esker izango da. Eta horretarako ere balio dute udalekuek". Urangak jakinarazi duenez, elkartzeko, indartzeko eta ahalduntzeko prozesu gisa proposatzen dituzte udalekuak.

Dena den, askotan udalekuen kontzeptua gaizki ulertzen dela adierazi du hezkuntza arduradunak. "Uemako udalekuetara askotan gurasoek bultzatzen dituzte gazteak, eta gainera, horiek gune erdaldunetakoak izaten dira. Udaleku hauek, ordea, ez dira euskaraz ikasteko lekua". Urangak zehaztu duenez, hain justu Azpeitia eta gisa bereko udalerri euskaldunak "ahalduntzea" da filosofia. "Harremanak euskaraz egiteko egonaldia da antolatzen duguna, baina euskara gauza naturaltzat hartuta. Uemaren erronka horixe da: udalerri euskaldunetan eragitea, udalerri horietako gazteak ahaldundu daitezen".

 

 

Errepikatzeko irrikaz

Unai Bereziartua (Azpeitia, 2001) iaz Uemaren udalekuetara joan ziren 50 lagunetako bat da, eta aurten esperientzia errepikatzeko irrikaz dagoela jakinarazi du. Iaz topaketara joan zen azpeitiar bakarra izan zela nabarmendu du, Euskal Herriko arnasgune ugaritako lagunak eginda itzuli zela azpimarratuta. "Bakarrik joan nintzen, eta lagunak egitea pixka bat kostatu zitzaidan arren, berehala ezagutu nuen jendea. Larrabetzuko, Etxarri-Aranatzeko, Goizuetako, Astigarragako... lagunak egin nituen. Esperientzia oso ederra izan zen".

Bereziartuak ikasten duen ikastetxera Urangak egindako bisita izan zen azpeitiarrak egitasmoan izena emateko amua. "Hitzaldia eman zigun, aurreko edizioetako argazkiak erakutsi zizkigun, egitaraua ere ikusi genuen... Eta jende berria ezagutzeko eta abentura txiki bat bizitzeko gogoa nuenez, izena eman nuen", azaldu du Bereziartuak. "Esperientzia aberasgarria" izan zen, azpeitiarraren arabera. "Handik itzultzean ere gelditu izan gara: Bizkaiko lagunengana joan nintzen, eta Azpeitira ere etorri ziren beste batzuk gerora". Azpeitiarrak ere argi dauka: Uemaren udalekuak ez dira euskaraz ikasteko topaketak. "Jendea ezagutzeko, lagunak egiteko, euskaraz aritzeko eta ondo pasatzeko egonaldia da Uemak antolatzen duena".

Urangaren hitzetan, "elkarreragin handia" sortzen da bisitatzen dituzten herrien eta gaztetxoen artean: "Zer dago herri batean? Eta zer bestean? Zeintzuk dira herri bakoitzaren berezitasunak? Zer musika talde da herri jakin horretakoa? Iaz, Oiartzunen, adibidez, kontzertua eskaini ziguten anai-arreba batzuek, Beran bertso bazkaria egin genuen bi bertsolari gazterekin...".

Hark dioenez, orain arteko erantzuna "oso ona" izan da. "Iaz asmatu egin genuen, eta aurten ere asmo berarekin prestatu dugu egonaldia, nahiz eta lekuz aldatuko garen. Aurtengoa ere ondo ateratzen bada, helburutzat hartu beharko dugu urtez urte udalerri euskaldunetatik igaroko diren udalekuak antolatzea".

Gaur, martxoak 31, itxiko da ekainaren bukaeratik uztailaren hasierara egingo duten egonaldirako izen ematea. Hiru aukera jarri ditu Uemak izena emateko: Uema.eus webgunean sartuta, 943-81 66 99 telefonora deituta edo kaleratuko duten eskuorriko datuak bete eta hezkuntza@uema.eus helbidera bidalita. 50 lagunentzako lekua izango da udalekuetan.

Astebeteko egonaldiaren ordaina 89 eurokoa izango da. "Denen eskura dagoen udalekua izatea nahi dugu", adierazi du Urangak. "Eskertzekoa da udalekuak igaroko diren herrietako ordezkariek eskaintzen diguten laguntza: soziedadeak, eskolak, lokalak eta abar uzten dizkigute lotarako nahiz jatorduetarako, eta horrexek ahalbidetzen du topaketa denen eskura egotea".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide