Koronabirusa Azpeitian

Gabeziari erantzuteko, ekimena

Uztarria.eus 2020ko mar. 24a, 13:32
Maker komunitatea jasotzen ari den maskara.

Azpeitiko Cortebi enpresa Koronabirusaren Aurkako Euskadiko Maker Komunitatearentzako maskaren plastikoak egiten ari da. Egun bakar batean 1.800 ale egin dituztela nabarmendu du Iñigo Agirre Cortebi lantegiko arduradunak.

COVID-19ak gaitza ez ezik, elkartasun uholdea ere ekarri du Euskal Herrira, eta asko dira beren erara birusari aurre egiteko laguntza eskaintzen duten norbanakoak nahiz taldeak. Horietako bat da Koronabirusaren Aurkako Euskadiko Maker Komunitatea, osasungintzako langileentzako maskarak jasotzen ari baita, eta hainbat enpresaren donazioak jaso ditu azken astean; tartean, Azpeitiko Cortebirena.

Lantegi horretako arduradun Iñigo Agirrek albistegietan izan zuen talde horren jardueraren berri: "Koronabirusaren Aurkako Euskadiko Maker Komunitatearen webgunera sartu nintzen informazio bila, eta haiekin kontaktuan jarri nintzen, maskarak egiteko laguntzarik behar al zuten galdetzeko". Maker komunitateko kideek berehala erantzun zioten azpeitiarrari, eta maskaren plastikoa behar zutela azaldu zioten: "Bi zati dituzte maskarek, goiko uztarria eta aurpegia estaltzeko zein zipriztinak saihesteko plastikozko xafla. Bigarren hori da guk lantegian egin dezkaeguna", nabarmendu du azpeitiarrak.

Agirrek dioenez, aurpegi-babes horiek egiteko materiala bazuten enpresan, eta egun bakar batean 1.800 ale egin zituzten Maker komunitatearentzat: "Harrituta gelditu ziren egun batean hainbeste pantaila egin genizkielako". Kopetatik leporainoko distantzia duen plastikoa da Cortebin egiten dutena, eta Agirreren arabera, sarri aldatu behar da. Hori dela eta, litekeena da Makerrekoek laster eskari handiagoa egitea: "Gaixo batekin egon ostean pantaila hori aldatu egin behar da, baina gaineko uztarria berrerabilgarria denez, plastikoa soilik aldatu behar dute langileek".

Alarma egoerak irauten duen bitartean, Maker komunitateari laguntzen jarraitzeko prest agertu da Agirre: "Pantaila gehiago behar badituzte, eskatzeko esana diet". Material guzti hori dohaintzan emango diotela ere azpimarratu du azpeitiarrak: "Gu prest gaude materiala dugun bitartean laguntzen jarraitzeko. COVID-19a gainditzea behar-beharrezkoa da".